Indarrean dagoen legediak ez du uzten Corrugados Azpeitia kokatuta dagoen orubean jarduera industrialik berriro martxan jartzen

2021/03/31
ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio Corrugados Azpeitiaren inguruko bere jarrera onartezina alde batera utzi eta benetako alternatibak lantzean indarrak jar ditzala, legezkoa den eta herritar guztion onura ekarriko duen industria politika bat aurrera eramanez.

Azken egunetan Corrugados Azpeitia berriro irekitzearen inguruan sortu den eztabaidaren aurrean, ELA sindikatuak honako hau adierazi nahi du:

- Gaur egun proiektu siderurgiko bat herrigune batean kokatzea osasun, ingurumen eta segurtasun irizpide guztien kontra doala.

- Onartezina dela Sailburua egiten ari den kanpaina mediatikoa, are gehiago jaikinik Lurralde Antolaketa araudiaren konpetentzia Eusko Jaurlaritzarena dela eta ez udalarena, eta hau ez dela udalak hirigintza arau bat aldatzea bezain sinplea.

- Pertsonen osasuna eta ingurumena babesteko irizpidean oinarrituta, eta Europako Zuzentarauen irizpideak betez, Azpeitiko hirigintza arauek eta EAEko Lurralde Antolaketa Planek ez dutela ahalbideratzen Corrugados Azpeitia kokatuta dagoen orubean jarduera industrialik berriro martxan jartzea.

- Eusko Jaurlaritzaren izenean Ingurumen Sailburu den Arantza Tapiak eginiko adierazpenak onartezinak direla. Sailburuak esan berri du berak zuzentzen duen sailak enpresari Ingurumen Baimen Bateratua emango diola, jakinik kokapen horretan jarduera industriala berrezartzea legez kanpokoa dela.

- Kezkagarria dela EAEko ingurumen arloko agintari nagusiak horrelako adierazpenak egitea, osasunaren eta ingurumenaren ikuspuntutik jarduera kutsakor bat herrigunean kokatzeak zein arrisku eta kalte sortzen dituen jakin badakielako, eta hala ere, beste interes batzuk gainjartzen dituelako.

- ELAk enpleguaren defentsan borrokan diharduela, baina hainbat enpleguren sorrera (ez dakigu kopurua, oraindik enpresak proiektu konkreturik ez baitu aurkeztu) ez dela guretzat aitzakia edozein proiektu onartzeko, are gutxiago herritarren osasunean eta ingurumenean kalte handiak sortuko dituen jarduera bat dela jakinik.

Hau horrela izanik, ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio bere jarrera onartezina alde batera utzi eta benetako alternatibak lantzean indarrak jar ditzala, legezkoa den eta herritar guztion onura ekarriko duen industria politika bat aurrera eramanez.