Greba mugagabea Zumaiako San Juan erresidentzian, abenduaren 12tik aurrera

Zaintzen enpresak 2,7 milioi euroko irabaziak izan ditu 2019 eta 2021 artean. Bere akziodun nagusia Clece S.A. multinazionala da. Zaintza sektoreko enpresa honen helburua ahalik eta diru gehien irabaztea da, beti ere, finantzazio publikoari esker. “Hori lortzen da langileak esplotatuz eta egoiliarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hondatuz”, kexu da ELA.
Sindikatuak birritan deitu dio enpresari Precoren bitartez negoziatzen hasteko, baina azken hori ez da agertu ere egin.
Langileek Aldundiari eta gainerako administrazioei dei egiten diete utz diezaiotela diru publikoarekin negozioa bultzatzeari. Horren ordez, genero arrakala gainditzeko eta pertsonak zentroan kokatzeko zaintza eredua ezartzea eskatuko diote. Horretarako ezinbestekotzat jotzen dute San Juan zahar egoitzan hitzarmen duina lortzea. Argi utzi dute mobilizazioek aurrera jarraituko dutela helburua lortu arte.