Zumaiako etxez etxeko laguntza zerbitzua

Langileek %19ko soldata igoera izango duen akordioa lortu dute

2024/05/30
Hainbat mobilizazio eta hiru greba egun ondoren, ELAk eta Eulen Soziosanitarioak Zumaiako etxez etxeko laguntza-zerbitzuko bigarren hitzarmena sinatu dute. Zerbitzua publikoa da, titularra Zumaiako udala baita, baina pribatizatuta dago. Beste behin ere ezinbestekoak izan dira langileen antolakuntza, mobilizazioak eta grebak prekarioak diren langileen baldintzak nabarmen hobetzeko.

Lizentzia berri batzuez gain, hiru urteetarako gutxienez %19ko soldata igoera jasotzen duen akordioa itxi dute. Sindikatuaren iritziz garaipen handia da kolektibo osoarentzat, sektoreko baldintza prekario eta soldata arrakalari aurre egiteko.

Zumaiako etxez etxeko laguntza 22 emakumek osatzen dute. Herriko nagusi zein menpekotasuna duten pertsonei laguntzen diete, bizitzeko beharrezkoak dituzten zainketa, etxeko martxa eta bestelakoetan lagunduz. Batzuen kasuan, egunean duten harreman bakarra izaten dute langileekin.

Lorpen hau ez litzateke posible izango langile horien guztien antolakuntza eta borrokarik gabe. Langileek azken hilabeteotan eginiko mobilizazio dinamikek Udalak eta enpresak behin betiko urratsak ematea ahalbidetu du. Hala ere, ibilbidea ez da hemen bukatzen; ELAk zerbitzua publifikatzeko borrokan jarraituko du. Zenbat eta konfrontazio eta sindikalizazio gehiago, orduan eta lan eta bizi baldintza hobeak.