Zumaiako Eguneko Zentroa

Langileek errefortzu gehiago eta euren erabiltzaileen kalitatezko arreta bermatzeko neurriak eskatu dituzte

2023/05/23
ELAk hainbat alditan jo du bai zerbitzua kudeatzen duen Eulen Sociosanitarios enpresara eta baita Zumaiako Udal ordezkariengana arazoari irtenbide bat ematea eskatuz, baina egoera ez da hobetu eta langileek mobilizazioei ekin diote.

Hogei erabiltzaile artatzeko 3 erizain laguntzaile dituzte eta pandemiaz geroztik zerbitzuak murrizketak jasan ditu. Orain, erabiltzaile gehienek dependentzia maila handia dute eta ezin zaie bermatu behar duten arreta. Egunerokoan, ez dago denborarik erabiltzaileekin ekintzak behar bezala egiteko (egunkaria irakurri, memoria ariketak...), goizetan, langile bat dutxak egiten dabilen bitartean gainontzekoak beste erabiltzaile guztiak gainbegiratu, zukuak eman, komunera eraman eta ekintzak burutzeaz arduratu behar dute.

Otorduetan, aldiz, dependentzia maila dutenez, banan banan eman behar zaie jaten eta beste erabiltzaileek arreta uneren bat sortzen bazaio egoera kaotikoa sortzen da. Meriendak ere 15:30etan eman behar izaten dituzte sarritan, arratsaldeko garraio zerbitzua aurreratu delako, zentroko ordutegiak murriztu baitira pandemiaz geroztik. Horrek guztiak arratsaldetan egin beharreko guztia presaka egitea ekarri du (komuneko bueltak, zein merienda presaka egitea...)

Ez da posible erabiltzeen ongizatea hain kinka larrian egotea zerbitzuan ez delako behar bezalako inbertsiorik egiten. ELAk urteak daramatza Gipuzkoako Foru Aldundiari zein Udal administrazioei eskatzen ratioak hobetu eta kalitatezko zaintza bermatzeko beharrezko urratsak eman ditzan, baina badirudi enpresa pribatuen interes ekonomikoak lehenesten direla gure erabiltzaile zein langileen lan baldintzen aurretik.

Zumaiako eguneko zentroko langileek Udalari, Foru Aldundiari eta zerbitzua kudeatzen duen enpresari eskatzen diote egoera hau konpontzeko beharrezko urratsak eman ditzaten. Goizeko eta arratsaldeko txandan errefortzua jartzea eskatzen dute (10:30etatik 12:30etara eta 15:00etatik 17:00etara) eta ordu horiek langileen egutegietan txertatzea. Honez, gain, zentroan 15 erabiltzailetik gora daudenean lanen antolaketa langileekin adostea nahi dute eta beharrezko inbertsioa egitea kalitatezko zerbitzu bat eman ahal izateko.