Zarauzko Etxez Etxeko Laguntza

Langileek lehen hitzarmen propioa sinatu dute, %19ko soldata igoerekin

2023/03/23
Borrokan bi urte egon ondoren, Zarauzko (Gipuzkoa) Etxez Etxeko Laguntzako 26 langileek –Udalak Eulen enpresari azpikontratatu zion zerbitzua– %19ko soldata igoerak bermatuko dituen akordioa lortu dute. Are gehiago, hitzarmen berriak jasotzen du igoera horiek berrikusi ahal izango direla hitzarmena indarrean dagoen urteetan metatutako KPIa handiagoa bada.

Soldata igoerez gain, beste aurrerapen garrantzitsu batzuk ere jasotzen ditu akordioak: urtean 50 lan ordu gutxiago (hiru urtetan zehar); partzialtasunari aurre egiteko gutxieneko lanaldiak; kontratazioak arautzeko neurriak; lizentzien eta baimenen hobekuntzak... Era berean, soldata osatuko da gaixotasun arruntagatiko bajetan.

Orain arte, estatuko hitzarmena aplikatzen zitzaien langile hauei. Orain sinatu berri den hitzarmenak, ordea, lan baldintzak bermatzeaz gain, hobetu egingo ditu datozen hiru urteetarako, eta Zarauzko Udalak testua pleguetan sartuko du. Hau da, sartzen den enpresak errespetatu eta aplikatu beharko du.

ELAren ustez, akordioa funtsezko une batean iritsi da. Izan ere, Udalak azpikontratatutako zerbitzua da hau, eta Udalak lehiaketara aterako du, hau da, kudeaketa beste azpikontrata baten esku gera daiteke. Berebiziko garrantzia zuen hori gertatu aurretik langileentzako hitzarmen bat arautzea; bestela, haien lan baldintzak arriskuan izango ziren.