Muebles Xeyko zuzendaritzak kontu faltsuak eman zituen Konkurtsoan

2019/01/14
ELAk salatu du zuzendaritzak iruzurrez jokatu zuela, Eusko Jaurlaritza akzioen %30aren jabe izan arren. Gaur-gaurkoz Zumaiko Xeyko langileek FOGASAk ordaintzen dituen gutxieneko diru-kopuruak jaso dituzte soil-soilik, zor zaien diru-kopuru itzelaren zati txiki bat berreskuratzeko baino balio ez dutenak. Berriz ere agerian geratu da langileriari osteagatik eta iruzur egiteagatik ez dela ia-ia zigorrik ezartzen, musu-truk ateratzen dela.

2019ko urtarrilaren 3an Donostiako Merkataritza-arloko 1 zk.ko Epaitegiak epaia eman du, Xey enpresaren konkurtsoa erruzkotzat joz. ELAk, bere garaian, alegazioak aurkeztu zituen Konkurtso Administrazioan, onartuak izan zirenak, eta orain epai bidez berretsi egin direnak. Epaian azalduriko arrazoi nagusiak hauek dira:

1.-) Finantza- edo ondare-egoera ulertzea oztopatzen zuten kontabilitate-irregulartasun nabarmenak.

2.-) Dokumentuetan hutsegite larriak: Konkurtso Administrazioak oker larriak egin ditu inbentarioan, bai bezeroen kobrantza-eskubideen zifran, bai diruzaintzan.

3.-) Ondasunen iruzurrezko irteerak. Konkurtso Administrazioak dioenez, enpresako kudeatzaileekin loturiko enpresa batzuk —hornitzaileak edo bezeroak— ez dira geratu konkurtsoaren eraginpean, dela haien fakturak konkurtso-egunaren bezperan kobratu dituztelako, dela zordunen kontuan agertzen ez direlako (zorra ordainduta dutenik inon jasota ez badago ere).

4.-) Alegiazko ondare-egoera jakin bat irudikatzeko egintza juridikoak: kontabilitate-irregulartasunak, berez, nahiko adierazgarriak dira; izan ere, aurkezturiko kontabilitatearen zehaztasunik eza adierazten dute, eta baita aktibo-pasiboen balioespenaren zehaztasunik eza ere. Eta tresna horiek beharrezkoak dira enpresaren ondare- eta finantza-egoeraren benetako irudia izateko.

Epaian bertan jasotzen denez, Konkurtso Administrazioak "oker larriak egin ditu inbentarioan, bai bezeroen kobrantza-eskubideen zifran, bai diruzaintzan".

2017ko udan Xeyko langileak kaleratuak izan ziren, 10 nomina zor bazizkieten ere. Enpresako Zuzendaritzaren kudeaketa ezin txarragoagatik 170 lanpostu galdu ziren, eta gainera langileek soldatarik gabe jardun behar izan zuten hilabete askotan.

Gogoratu beharrekoa da Eusko Jaurlaritza Xeyren akzioen %30aren jabe zela. Industria Sailak ez zuen irregulartasunik antzeman, ezta salatu ere. Sailburuak berak, Tapia andreak, beti bermatu izan du enpresako Zuzendaritzaren jarduna. Eta Xeyko langileen aurrean "neurrirako janzkia" lortuko zuela hitzeman zuen, industria-proiektu sendo bat bermatze aldera.

ELAk eta XEYko langileek jendaurrean salatzen dute Eusko Jaurlaritzak ez diola alegaziorik egin Konkurtso-administratzailearen txostenari. Ez ditu enpresaren kontuak aztertu, ezta Zuzendaritzaren jarduna ere. Jaurlaritzaren jokabidea arduragabea izan da, eta horregatik konkurtsoaren erruduntasunaren erantzunkide izatea leporatu dakioke. Sailaren ohiko jarduna oraingo honetan ere errepikatu da: azkenean kondenatua izango zen zuzendaritza batekin elkar adituz ibili eta gero, lanpostu guztiak galdu dira.

Gaur-gaurkoz Xeyko langileek FOGASAk ordaintzen dituen gutxieneko diru-kopuruak jaso dituzte soil-soilik, zor zaien diru-kopuru itzelaren zati txiki bat berreskuratzeko baino balio ez dutenak. Berriz ere agerian geratu da langileriari osteagatik eta iruzur egiteagatik ez dela ia-ia zigorrik ezartzen, musu-truk ateratzen dela.

ELAren irudiko, gainera, epaian aipatzen diren egintzak hain larriak izanik, ondorioak ere maila berekoak izan beharko ziren, eta ez bakarrik 3 urteko desgaikuntza enpresako administratzailearentzat. Gure aldetik, helegitea jarriko diogu epaiari, administratzailearentzat eta bere bazkideentzat zigor zorrotzagoak eskatuz.