ZUMAIAKO SAN JUAN EGOITZA GREBAN

Prekaritatearekin amaitzeko hitzarmena aldarrikatzeko 300 greba egun borrokan

2026/09/03
Prekaritatearekin amaitzeko hitzarmena aldarrikatzeko 300 greba egun borrokan
ELAk manifestazioa deitu du irailaren 24rako, eta eragileei parte hartzeko deia egin die.

San Juan egoitzako langileak greba mugagabean daude Gipuzkoako beste 7 egoitzekin batera, eta aste honetan 300 egun beteko dituzte greban, prekarietatea eta soldata-arrakala ezabatuko duen hitzarmen sektorial baten alde borrokan. Hitzarmena berritzeko negoziazio-mahaia 2025eko urtarrilean eratu bazen ere, bilera batzuen ondoren mahaia blokeatuta dago; ez dago aurrerapauso nabarmenik, eta patronalak ez dira gai proposamen berriak egiteko.

Zumaiako San Juan egoitzak 60 langile inguru ditu, gehienak emakumeak dira, eta herriko zein inguruko adinekoak hartatu eta zaintzen dituzte. Zerbitzua publikoa bada ere, langileak azpikontratatuta daude sektoreko beste erresidentzietan bezala eta euren baldintzak gero eta prekarioagoak dira. 

Besteak beste, hitzarmenean % 100eko lan kontratuak izatea eta soldata arrakalarekin amaitzea eskatzen dute grebalariek. Izan ere, sektoreko langileen ia erdiek borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte, eta lan-karga gero eta handiagoa denez, adinekoei zainketa duinak emateko baldintzak ez dira betetzen.

Sektorean diharduten enpresen eta Clece Mayores enpresaren (San Juanek kudeatzen duena) helburua etekinak handitzea da, eta hori bateraezina da kalitatea zaintzearekin eta lan-baldintza onekin. Hori gutxi balitz, egoitzan ematen den zerbitzuaren kalitateak okerrera egin du azken urteetan.

Gauzak horrela, ELAk manifestazioa deitu du irailaren 24rako, 18:00etan, Zumaian, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta, Aldundiari eskatzeko ekimen politiko bat har dezala prekarietatea eta genero-arrakala behingoz amaituko duen hitzarmen baten alde eta langileei babesa emateko. Era berean, ELAk Herriko eragile ezberdinei zein herritarrei deia luzatzen die parte hartu dezaten, zaintza publiko, unibertsal, kalitatezko eta doakoen alde borrokatzen jarraitzeko.