SIDENOR AZKOITIA

Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarri nahi du hitzarmenaren negoziazioa baldintzatzeko

2024/03/15
Azkoitiko lantegiaren hitzarmenaren indarraldia abenduan amaituko da. Sidenorrek 25 milioi euroko irabaziak pilatu ditu ikuskatutako azken kontuen arabera. Aldi baterako lan erregulazioa ez dago justifikatuta.

Sidenor enpresak Azkoitiko eta Reinosako (Kantabria) Sidenorreko lantegietarako aldi baterako lan erregulazio espedientearen negoziazio mahaia eratu du; atzo arratsaldean izan zen bilera. ELAk salatu du erabaki horren asmoa dela Azkoitiko negoziazio kolektiboa baldintzatzea, hitzarmena abenduan iraungiko baita.

Lehenik eta behin, ELAk agerian utzi nahi du Sidenorren negoziazio esparruaren inposaketa, ABLEa ezarri duelako bai Azkoitiko, bai Reinosako lantegietan. Azkoitian, ELAk 5 eta LABek 3 ordezkari ditu 13tik; beraz, gehiengo sindikala Reinosaren oso bestelakoa da. Kantabriako lantegia barnebiltzerakoan, aldiz, enpresak lortu du CCOOk, UGTk eta USOk gehiengoa izatea negoziazio mahaian. Hau da, enpresaren planteamenduak adosteko prestuago dagoen gehiengoa.

Bigarrenik, ELAk gogorarazi du aldi baterako lan erregulazio hori beste urrats bat dela Azkoitian Sidenorreko Esparru Akordioaren lan baldintza kaskarrak inposatzeko. Zuzendaritzak plantillari xantaia egin nahi dio, behin-behineko kontratazioa iruzurrez erabiliz, baldintzak betetzen dituzten pertsonak aurrez erretiratuko ez dituztela mehatxatuz eta plantillak zatitzen saiatuz.

Azkenik, gogoratu behar da Sidenor enpresak 25 milioi euro lortu dituela auditatutako azken kontuetan (2022), eta emaitza errekorra lortu duela. Era berean, 2023ko ekitaldian enpresak aurreikusten zituen palmenta bolumenen hazkundea eta eskariaren aurreikuspen onak. Enpresaren egoera ekonomiko bikainak ez du justifikatzen ERTE bat, eta are gutxiago lan baldintzak okertzea.

Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera martxoaren 25ean egingo da. ELAk lanean jarraituko du Sidenorren Azkoitiko lantegiko lan baldintzak duintzeko.