SIDENOR (AZKOITIA)
Zuzendaritzak langileak pobretzen jarraitu nahi du

ELAk askotan salatu du Sidenor Azkoitiak lan-baldintza prekarioak ezarri nahi dizkiela bere langileei. Horretarako inposaketaren kultura ezartzen du. Sidenorrek ez du negoziatzen, alde bakarretik erabakitzen ditu aplikatu beharreko baldintzak, eta CCOOk, UGTk eta USOk (azken hauteskunde sindikalak arte gehiengoa zuten batzordean) sinatu egiten zuten. Egunerokoan, langileenganako presioa jasanezina da.
Horren adibide da enpresaren azken eskaintza onartzeko egin berri den erreferenduma: bertan, langileak parte hartzeko presionatu dituzte, horrela, guztiak pobretzen dituen hitzarmen berria onartzeko. Erreferendumean, langileen erdiek baino gutxiagok eman diote baiezko botoa enpresaren proposamenari, eta batzordean gutxiengoan daudela kontuan hartuta, CCOOk, UGTk eta USOk ez sinatzea erabaki dute. Horren aurrean, enpresa Hitzarmenaren negoziazio-mahaitik altxatu da, negoziazioa blokeatzeko.
2019tik ikuskatutako azken kontu ekonomikoetara arte, Sidenorrek 50 milioi euro banatu ditu akziodunen artean. Gainera, Talgoren kontrola lortzeko operazioa ixteko atarian dago, milioi askoko operazio batean.
Bitartean, mozkin hori sortzen duten enpresako langileek duela hamarkada bat baino 80 ordu gehiago lan egiten dute, eta urtero erosteko ahalmena galtzen dute. Sidenor da Gipuzkoan soldatak KPIrekin gutxienez igo ez diren metaleko enpresa bakarretakoa. Gainera, CCOOk, UGTk eta USOk adostutako baldintzek malgutasuna handitu dute, bizitza eta lana uztartzea zailduz, eta behin-behineko kontratazioko iruzurra egiturazkoa izan da urteetan.
ELAk ez da enpresaren xantaian eroriko, aurretik jada adierraz duen bezala. Taldearen egoerarekin bat datorren hitzarmen bat negoziatzen jarraitzearen alde egiten du sindikatuak, galdutako eskubideen zati handi bat berreskuratuko duena, eta errepikatzen du langileek ezin dutela jarraitu enpresa berrien erosketak eta milioi askoko irabazien banaketa euren baldintzekin finantzatzen. Azkenik, ELAk Azkoitian lan egiten dutenentzat hertsapen gutxiago eta negoziazio eta errespetu gehiago exijitzen ditu.