Martxoak 20, 21 eta 22 greba egunak izango dira eskola-jantokietako kudeaketa zuzenean

2019/02/27
ELAren ordezkarien batzarrak borrokan jarraitzea erabaki du; horregatik greba-deia egin dute sektorean martxoaren 20, 21 eta 22rako. Gainerako sindikatuak ere gonbidatzen ditugu borrokarekin bat egitera.

Harrigarria bada ere, LABek Eskola Jantokietako Kudeaketa Zuzenaren Hitzarmena sinatu du. Hori dela-eta, EAEko hiru lurraldeetako ELA-ordezkariak atzo bildu ziren batzarrean, eta oso gaizki iritzi diote hitzarmen horri, ez baita jaso langileen eta sindikatu guztion eskakizun bakar bat ere, otsailaren 26ko grebara deitzeko oinarri izan zirenak. Horregatik, ELA-ordezkarien batzarrean borrokan jarraitzea erabaki dugu, eta baita greba-deiak egitea ere. Hasteko, martxoaren 20, 21 eta 22an izango dira lehen greba-egunak.

Hitzarmena 2023. urtera arte sinatu da. Hala ere, hori ez da oztopo izango oraingo egoera prekarioa aldatzearen alde ez borrokatzeko. Egia da arazo batzuk 2024. urtera arte konponezinak izango direla hitzarmena horrela sinatzeagatik; baina beste batzuk bai. Laster barru hurrengo esleipena izango dugu, eta Eusko Jaurlaritza isilgordean prestatzen ari da baldintza-pleguak. Horixe izango da gure etorkizunaren gakoa, plegu horietan bilatu dezakegu konponbidea gure arazo nagusietarako, hau da:

- Pertsonalaren subrogazioa, hautatzen den eskola-jantokietako kudeaketa-eredua zein den alde batera utziz. Subrogazioa aipatzen dugunean, gogoan duguna zera da: enplegua eta hitzarmenaren aplikazioa, kudeaketa oraingoa edo gerokoa nolanahikoa ere den. Larrabetzun, proba pilotu gisa, proposatu zenak ez zuen baldintza hori bete.

- Lan-kargak berraztertzea, hezkuntza-lanarekin bat datozen ratioak jarriz. Gu ere hezkuntza-laneko partaide bagarelako.

- Gure eginkizunak zehaztea. Eta ez ibiltzea urterik urte ataza gehiago leporatzen, pertsonal gutxiagorekin eta lanaldi murriztuagoekin.

- Kontrataziotik prekarietatea ezabatzea, langile bakoitzeko gutxieneko lanaldiak ezarriz.

- Egonkortasuna sustatzea, ikasturte osorako lanaldia ezarriz, eta ikasturtearen barruan murrizketarik egin gabe.

- Aldizkako kontratazio finkoa ugaltzea, behin-behinekoaren partez.

Hitzarmena horrela sinatzean aukera ederra galdu dugu aipaturiko arazo horiek onbideratzeko. Dena dela, sektorea gertu dago borrokan jarraitzeko. Hitzarmenetik kanpo ere badago tartea gure egoera prekarioa hobetzeko. Horregatik, ELA-ordezkarien batzarrean borrokan jarraitzea erabaki dugu, eta baita greba-deiak egitea ere. Hasteko, martxoaren 20, 21 eta 22an izango dira lehen greba-egunak. Gainerako sindikatuak ere gonbidatzen ditugu borrokarekin bat egitera.

Zerbitzu hori ematearen eta baldintza-plegua prestatzearen erantzulea Eusko Jaurlaritza denez, berak erantzun beharko ditu gure eskariak.

Bide batez, Martxoaren 8ko greba-eguna ere egitera deitzen diegu sektoreko langileei. Gure prekarietate-egoera estu-estu loturik dago lanaren sexu-banaketarekin eta gure emakume-izaerarekin.