ELAk defendatzen duen eredua elikadura burujabetzan, jangelak hezkuntza espazioak izatean, eta enplegu duina mantentzean oinarritzen da

2019/01/11
Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen eskola jangelak guraso elkarteen bidez zuzenean kudeatzeko aukera zabaltzeko asmoa. Azken hilabeteetan ELAk sei aldiz eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, gai honen inguruan duen asmoa azaltzeko, ekarpenak egin eta eztabaidatu ahal izateko. Prentsaren bitartez ezagutu ditugu, ordea, bere asmoak. Sindikatuak eredu jakin bat defendatzen du: elikadura burujabetzan oinarritutakoa, jangelak hezkuntza espazioak izango dituena eta enplegu duina mantenduko duena.

Lehenik eta behin gardentasun falta salatu behar dugu. Eusko Jaurlaritzak aipatzen duen 2017ko abenduan sortutako Eskola Jangelen Komisioan parte hartzeko betoa jarri zitzaion ELAri. Sorreratik salatu genuen. Gaiaren inguruan Hezkuntza Sailarekin izan dugun bilera  bakarra zehazteko mobilizazioak egin behar izan genituen. Bileran, eskola jangelen kudeaketaren etorkizunaren inguruan Jaurlaritzak duen jarreraren inguruko informazioa ukatu zitzaigun, baita Komisioaren inguruko informazioa ere.

Bilera hartan zegoen sailaren ordezkariaren hitzetan, Komisioaren aktak badaude baina ez dira publikoak.

Bestalde,  eskola jangelak hezkuntza espazio izatearekin bat egiten dugu, baita eskola jangeletako kontsumo eredua aldatuz elikadura burujabetzan aurrera egitearekin ere. Ez dugu uste Eusko Jaurlaritzaren proposamenak helburu hauetan sakondu nahi duenik eta are gehiago, aitzakia honekin, langileen lan baldintzak arriskuan jartzen dira, bai zerbitzua Hezkuntza Sailarentzat zuzenean eskaintzen dutenentzat baita zeharka eskaintzen dutenentzat ere, gaur egun eskoletako jangeletan kudeaketa publiko zuzenean mantentzen den %10 eskasa pribatizatzeko bide berri bat irekiz.  Kontrataziotik hasita prozesu osoa guraso elkarteen esku uztea, ardura publikoaren utzikeria argia da. Eskaintzen den alternatiba gaur egungo ereduarekin jarraitzea edo jangelen kudeaketa ardura osoa gurasoen gain uztea bada, azken honek dakartzan zailtasun eta arazo guztiekin (aurrera eraman diren esperientzia pilotuetan argi geratu den bezala), ELAk uste du Jaurlaritzaren helburua beharrezko norabidean aurrera ez egitea dela eta sektorearen pribatizazioan sakontzea.

Azkenik, ez ditugu ezagutzen Eusko Jaurlaritzak egungo eskola jangeletako langileekiko dituen asmoak. Gaur egun administrazioko langileak eta azpikontratatutakoak batera ari dira jangeletan. Pribatizazio berriak ekiditea, enplegua mantentzea eta lan baldintza duinetan aritzea beti izan dira marra gorriak ELArentzat, eta hala izaten jarraituko dute balizko eredu aldaketan ere.

Beraz, gardentasun falta, ardura publikoen utzikeria, pribatizazio gehiago eta enplegua eta lan baldintzak mespretxua azaltzen duen proposamena da. Aipatzekoa da guzti hau hurrengo ikasturteetarako eskola jangelen kudeaketa esleitzeko prozesua martxan jartzeko aste gutxi falta direnean egin dela. Gaizki hasi gara.