ELAk lan baldintza duinak galdegin ditu hoteletako gela zerbitzarientzat

2020/05/27
Osasun krisi honek agerian utzi du gaur prekaritatezko baldintzetan dauden enplegu asko eta asko funtsezkoak direla, eta kasu gehienetan emakumeen lanpostuak direla. Garbitasuna, zaintza lanak, elikagaien sektorea, baita osasungintza ere, dira horren adibide argia. Hotelen sektorean ere garbitzaileak egoera prekarioan daude, baina jarduerari berriz ekingo bazaio euren lana ezinbesteko bihurtu da.

Zer diote hotelak irekitzeko adostu diren segurtasun protokoloek?

Eremuen garbiketa eta desinfekzio lanak dira aipatzen duten gai nagusia. Lan horiek nola egin behar diren zehaztasun handiz deskribatzen da, eta lantaldearen zein bezeroen osasuna bermatzeko segurtasun neurrien erdigune bihurtu dituzte.

Zein da horren ondorioa?

Geletako zerbitzarien lana oinarrizkoa dela jarduerari berriz ekin eta eutsiko bazaio. Beraz, ELAk beste behin aldarrikatu nahi du lan horren garrantzia eta salatu horiek egiten dituztenak lan egoera erabat prekarioan daudela.

Nori zuzentzen zaio salaketa eta aldarrikapen hau?

Batik bat Estatuko gobernuari, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei eta patronalei.

Estatuko Gobernuari, badelako emandako hitza betetzeko garaia. Exijitzen dugu berehala alda dezala Langileen Estatutuko 44. artikulua, jarduera hauek esternalizatzea debektze aldera, izan ere, lan hauek hoteletan jarduera nagusitzat hartu behar dira; hauxe agerian geratu da oraingoan.

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, ikuskaritza mekanismoak aktiba ditzaten kontratuetan dagoen iruzurra desagerrarazteko.

Patronalei, berriz, galdegiten diegu lan baldintza duinak eskain ditzatela, ostalaritza lan-hitzarmenetako baldintzak aplikatuz eta enpleguaren egonkortasuna zein subrogazioa bermatuz.

Esternalizatutako enpresen bidez lan egiten duten geletako zerbitzariek zein arazo dute?

Lehena, aldi baterako enplegua: Alta eta bajen etengabeko segida izan ohi da langile hauen patua; horregatik, egungo egoeran euretako asko ezinbesteko ERTEetan ez dira sartu, hauen abantailak galdu dituztelarik, esaterako aldi honetako langabezia zenbaketa ez egitea eta langabezia prestazioa jaso ahal izateko gutxieneko kotizazio-aldi bat egiaztatu behar ez izatea.

Bigarrenik, lanaldi partzialeko kontratuak egiten zaizkie, soldata kaskarrak jasotzen dituzte, askotan gutxieneko soldataren mugan, lanaldi amaigabeak, lan egutegirik eta eskubiderik ez...

Nor da prekaritate honekin irabazten duena?

Batetik, hotel kateak, kostuak murriztu nahi dituzten kontratatzaile nagusi diren aldetik; bestetik, esternalizazio enpresak, langileen miseriari esker etekinak metatzen baitituzte.

ELAk Gipuzkoa eta Bizkaiko hitzarmenetan gehiengoa du, eta egoera honi aurre egin dio, lurralde horietako ostalaritzako hitzarmenak aplikatzen direla bermatuz eta enpresa aldatuz gero subrogazioa finkatuz. Aldiz, Nafarroan eta Araban, non beste gehiengo sindikal batzuk dauden, ez da gauza bera gertatzen.

Dei egiten diegu langileei baldintzak hobetzeko ELAren inguruan antola daitezen. “Ezinbestekoak bagara, aitor gaitzatela halakotzat”.

Prekarietateari EZ!