Jakin behar duzuna ERTE-en luzapenari buruz

2020/10/09
ERTEen iraupena luzatu duen lege-dekretua irailaren 30ean argitaratu da, eta 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatu ditu ERTEak. Legea oso korapilotsua da, eta berrikuntza ugariak dakartza, lehengo egoeraren aldean. Hemen duzue gai honen inguruko informazio garrantzitsuena.

ERTEen iraupena luzatu duen lege-dekretua irailaren 30ean argitaratu da, eta 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatu ditu ERTEak. Dekretu horren zain egon dira luzaroan Ostalaritza sektorean, legezko babesa murriztu ahala enplegu gehiago suntsituko zelakoan.

Zoritxarrez, Madrilen izandako "elkarrizketa soziala"ren negoziazioen ondorioz emandako dekretua ez da nahikoa izan, taberna eta jatetxeen sektorea behar bertzeko babesik gabe geratu baita; hotelei, aldiz, babes handiagoa eskaini zaie. Bistan da Turismo sektoreko patronal handiak nahi duena lortu duela negoziazioetan, eta ERTEen peko langileengatik Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten zati handi bat aurrezten jarraituko dutela.

Taberna eta jatetxeen esparruan inoiz baino beharrezkoagoak dira sindikatuaren sostengua eta aholkularitza. ELAk dokumentu honen bidez azalduko dizu zertan diren ERTEen erregulazio berriaren alderdirik funtsezkoenak, zeren zure eskubideak ezagutzea lehen urratsa baita haiek erreklamatu eta betearazi ahal izateko. Horregatik bultzatzen zaitugu sindikatuarekin harremanetan jartzera, sindikatuan zure egoera aztertuko dugu, gero zure enpresarena eta azkenean balizko aukerak.

Indarrean jarraitzen dute Ezinbertzeko ERTEek?

Alarma-egoera deklaratu ondoko Ezinbertzeko ERTEa oraindik ere indarrean badago zure enpresan; ERTE horren iraupena luzatu daiteke, zure enpresaren eskariz, 2021eko urtarrilaren 31ra arte.

Ezinbertzeko ERTEaren iraupena agortu bada, enpresak bertze bat eskatu dezake?

Hiru aukera daude Ezinbertzeko ERTE berri bat eskatu ahal izateko:

1. Agintariek osasun-murriztapenak ezartzen badituzte, eta horiek eragozten badute zure enpresaren ohiko jarduera.

2. Osasun-neurriek zure enpresaren jarduera mugatzen badute.

3. Gobernuak zehazturiko COVIDen eragin handiaren peko jardueren artean zure enpresaren jarduera sartzen bada. Ostalaritzaren sektoreari dagokionez, kasu horretan dauden azpisektoreak hotelak, turismo-alojamenduak eta bertzelako alojamenduak dira. Tabernak eta jatetxeak, aldiz, ez dira ERTEen sailkapen horretan sartzen.

Zerrenda horretan sartzerik ez duten sektoreek nolako aukerak dituzte?

Ezinbertzeko ERTEaren iraupena agorturik baldin badago, eskura dagoen aukera Ekonomia, Teknika, Antolamendu edo Ekoizpen arrazoietako ERTEa da (ETAE-ERTE); eta horretarako, enpresak kontsulta-aldia eta negoziazioak hasi behar ditu.

Negoziazio hori enpresako ordezkaritza sindikalarekin egin behar da; eta ordezkaritzarik ez balego, sektoreko sindikatuez osaturiko batzorde batekin, edo bertzela, eraginpeko langileek hautaturiko 3 kideko batzorde batekin.

Edonola ere, zure enpresan ERTE bat iragartzen badute, ez ibili ezbaian eta zatoz zuzenean ELAra, kontsultatzera.

Orain arte indarrean egon diren ETAE-ERTEekin zer gertatuko da?

Indarrean dauden ERTEek hasieratik ezarrita zuten amaiera-egunera arte iraungo dute. Alderdi biak ados egonez gero, iraupena luzatu daiteke. Bertzela, enpresak bertze ETAE-ERTE bat izapidetu beharko du hastapenetatik.

Zertan dira desberdinak Ezinbertzeko ERTEak eta ETAE-ERTEak?

Ezinbertzeko ERTEen kasuan enpresak bere kabuz eta langileekin negoziatu gabe ezartzen du ERTEa, eta gero administrazioak baimendu behar du, enpresa horretan ERTEari atxikitzeko ezinbertzeko arrazoirik dagoen ala ez erabakiz (azken dekretuak ezinbertzeko arrazoiak nabarmen murriztu ditu, lehengo egoeraren aldean).

ETAE-ERTEen kasuan, aldiz, langileen ordezkari sindikalekin negoziatu behar dira, gehienez 7 egunetan, eta enpresak argudiatzen dituen zergatiak benetakoak diren egiaztu eta ERTEaren ondorioak eztabaidatuko dira (iraupena, eraginpeko langileak, soldata-osagarriak...). Negoziazio-aldiaren amaieran akordioa badago, arrazoiak benetakotzat jo direlako seinalea da, eta adosturikoa aplikatuko da. Adostasunik lortu ezean, enpresak alde bakarretik ezarri dezake (administrazioaren baimenaren beharrik izan gabe), baina langileek inpugnatu ahal izanen dute epaitegian.

ERTE batean egonez gero, langabeziatik kontsumitzen al da?

Urriaren 1etik goiti zure langabezia-poltsatik kontsumitzen hasiko da. Arau orokor horrek 2 salbuespen ditu:

1. Kontratua azkentzeagatik edo kaleratzeagatik 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen langabeziara bazoaz, eta langabezia-prestazioa eskatu behar baduzu, ERTEan orain kontsumitu duzun denbora ez da kontuan hartuko, eta langabezia-prestazio osoa jaso ahal izanen duzu.

2. Langabeziatik kobratzeko kotizazio nahikorik ez baduzu (gutxienez urtebeteko kotizazioak), orduan 2021ko urtarrilaren 31ra arte jaso ahal izanen dituzu langabezia-sariak.

ERTEan sei hilabetez egon eta gero, langabezia-sariaren zenbatekoa murriztuko al da?

Ez. Salbuespenez oinarri erregulatzailearen %70eko zenbatekoa onartzen zaie ERTEan 6 hilabete baino gehiago metatu dituztenei.

Orain arte izan diren enplegu-bermeak gordeko dira?

Gizarte Segurantzaren kuotetan ERTEen aurrezkiak egin dituzten enpresek 4 agindu bete behar dituzte enpleguari dagokionez:

1. Enplegu-mailari 6 hilabetez eusteko bermea. Epe horren hasierako eguna hau izanen da: ERTEtik atera den lehen langilearen lehen lan-eguna. Azken dekretuan aurreikusitako salbuespenez (ERTEa jarduera eragozteagatik, ERTEa jarduera mugatzeagatik eta Ezinbertzeko ERTEa eragin handiko sektoreetan) baliatzen diren enpresetan 6 hilabeteko epea berriz hasiko da.

2. COVID-19 eta jardueran eragindako ondorioak ezin dira erabili kaleratze objektiborako arrazoi gisa.

3. ERTEan egon bitartean, aldi baterako kontratuen iraupena etenda geratzen da.

4. ERTEaren pean langilerik dagoen bitartean, enpresa horretan ezin da aparteko ordurik sartu, ezta inor kontratatu ere, ez zuzenean, ez zeharka.

Ikusten denez lege hori oso korapilotsua da, eta berrikuntza ugariak dakartza, lehengo egoeraren aldean.

ELAk pandemiaren hasieratik beretik aldarrikatu du lan-eskubideak ez direla aienatu, enpresei eskubide horiek betearazi ahal dizkiegula, eta eskubideak betetzen ez dituzten enpresak salatu ditzakegula.

Alde horretatik, lehen urratsa gure eskubideak ezagutzea da; eta bigarrena, sostengu sendoa izatea eskubideak betearazteko. ELAk bi aldeetatik lagundu zaitzake. Jar zaitez harremanetan gurekin.

Oraindik afiliaturik ez bazaude, zatoz gure lokaletara edo klikatu hemen, afiliazioa telematikoki egiteko.

Deskargatu dokumentu osoa hemen