Ohiko galderak sektorean

2020/05/27
Ostalaritzako langileek sarrien egiten dizkiguten galderak eta erantzunak honako agiri honetan bildu ditugu. Aldiro-aldiro eguneratuko ditugu galdera-erantzunak. Dena dela, zuk behar duzun erantzuna aurkitu ezean, galdetu guri zuzenean.

Nire enpresak pertsiana altxatzen ez badu, zer gertatuko da?

Ezinbesteko arrazoietako ERTEa duten enpresek, kasu honetan ostalaritzakoek, ERTEaren indarraldia 2020ko ekainaren 30era arte luzatu dezakete.
Nire enpresa irekitzen ez den bitartean, ni ERTEaren menpean egonen naiz, langabezia-saria kobratuz.

Alarma-egoera amaitutzat jotzen badute ere, ekainaren 30era arte kontsumitzen dudan langabezia-denbora ez da kontuan hartuko gerora begira.

Behin lanean hasita, zein hurrenkeratan irtenen dira langileak ERTEtik? Zein dira jarraitu beharreko irizpideak?

Legeak irizpide bakar bat ezarri du: lanaldi partzialak dituzten langile gehiago laneratzea lehenesten da, lanaldi osoko langile gutxiago laneratzea baino.

ELAk, ordezkaritza duen enpresetan, desatxikitze-irizpideak negoziatzeko eskatu du; langileen arteko ekitatea, kontziliazio-beharrizanak, zainketa-lanak, osasun-ikuspuntua... kontuan hartzeko. Beste egoera anitzetan bezala, langileak sindikatuaren laguntzaz antolatzea oso garrantzitsua da.

Egia da nire enpresak orain ezin nauela kaleratu?

Enpresek laguntza handiak jaso dituzte ezinbesteko arrazoietako ERTEen bidez, batez ere Gizarte Segurantzaren kuotak aurreztuz. Laguntza horiek jasotzeko baldintza hau da: enpleguari 6 hilabetez eustea, enpresa berriz abiatzen denetik zenbatzekoa. Bestela, enpresak jasotako laguntzak itzuli beharko lituzke.

Hala ere, zenbait salbuespen badago: ez dira horretarako kontuan hartuko aldi baterako kontratuen amaierak, erretiroak eta bidezkotzat jotzen diren diziplina-kaleratzeak. Gainera zilegi da kaleratzea, baldin eta hartzekodunen konkurtsoan sartzeko arriskua badago.

Nire aldi baterako kontratuaren iraupena luzatuko da ERTEaren ondoren?

Salbuespenezko egoera honetan aldi baterako kontratuaren denbora eten da ERTEaren menpean dagoen bitartean. Hau da, langile bat 50 egunetan ezinbesteko ERTE batenpean egon bada, kontratuaren amaiera-eguna ere 50 egun atzeratuko da.

Dena dela, salbuespenen bat badago: kontratuaren azkentze-arrazoia baliozkoa eta objektiboa izatea, obra edo zerbitzuaren amaieraren kasuan; ordezturiko langilea itzultzea, bitarteko kontratuen kasuan; edo erretiro osoa hartzea, errelebo-kontratuen kasuan.

Edonola ere, kontuan izan behar da aldi baterako kontratu anitz lege-iruzurrean egin direla, eta mugagabeak izan beharko zirela. Egiaztatu ezazu zure kontratua ELAn, zein egoeratan zauden jakiteko.

Nire enpresa berriro irekiko denean, nire ordutegia aldatu dezakete?

Ostalaritzan eta beste sektore batzuetan, merkataritzan esate baterako, berriro irekitzeko eskatzen diren segurtasun-neurrietako bat gauzak ongi antolaturik izatea da: langileen arteko segurtasun-tartea gordetzea, eta jende-pilaketak saihestea, batez ere, lantokira sartzean eta lantokitik irtetean. Antolaketa-neurrien artean ordutegiak egokitzeko aukera dago.

Hala ere, ordutegi-aldaketa hori arrisku bat prebenitzeko hartutako segurtasun-neurriekin lotuta egon behar da, eta arriskua enpresaren arriskuen ebaluazioan identifikatuta egon behar da; gainera, ezin da lan-araudian ezarritakoa gainditu. Enpresek, beraz, ez daukate txeke zuririk ordutegiak nahierara aldatzeko. Hori gertatuko balitz, jar zaitez harremanetan sindikatuarekin egoera aztertzeko, bereziki kontziliazioagatik eta/edo zainketengatik ordutegi-zehaztapena baduzu.

ERTEarenpean nagoen artean enpresak Aldi Baterako Ezintasunaren %100eko osagarria ordaindu behar dit, hitzarmenean ezarrita dagoen bezala?

Baja noiz hasi zen arabera. ERTEaren hasiera baino lehenagokoa bada, orduan enpresa beharturik dago hitzarmenaren osagarria baja osoan zehar ordaintzera. Baina, baja hartu orduko, ERTEaren menpean bazeunden, eta zure kontra

Ikusi hemen galdera-erantzunen dokumentua osorik