Ohiko galderak sektorean

2020/06/24
Ostalaritzako langileek sarrien egiten dizkiguten galderak eta erantzunak honako agiri honetan bildu ditugu. Adi egon, aldiro-aldiro informazioa eguneratzen baitugu. Jarraitu gaitzazu gure Facebook eta Twitter kontuetan: ELA Ostalaritza. Sindikatuaren web-orrian ere ikusgai dituzu argibideak. Aldiro-aldiro eguneratuko ditugu galdera-erantzunak. Dena dela, zuk behar duzun erantzuna aurkitu ezean, galdetu guri zuzenean.

Ezinbertzeko ERTEak bukatu ondoren, zer gertatuko da?

Oraingoz ezinbertzeko ERTEen bukaera ekainaren 30ean izanen da. Hori hala balitz, enpresak bi aukera izanen lituzke:

  • Plantillako langile guztiak laneratzea, lehen bezala.
  • Bertze ERTE bat eskatzea; ekonomia-, teknika-, antolamendu- edo ekoizpen-arrazoiengatik. Bigarren kasuan, metaturik daukagun langabezia kontsumitzen hasiko ginateke (edo langabezia-prestazioa ukatuko ligukete, legezko gutxieneko epea kotizatua ez izateagatik).

Horrelako ERTEak negoziatu behar dira ordezkaritza sindikalarekin; eta enpresan halakorik ez badago, langileekin zuzenean, hiru langileko batzorde baten bidez. Dena dela, sindikatuak zuei laguntzeko prest dago; jarri zaitezte harremanetan ELArekin.

Hala ere, azken berrien arabera baliteke ezinbertzeko ERTEen indarraldia luzatzea, ekainaren 30etik goiti. Gure sare sozialetan horri buruzko argibideak aurkitu ahal izanen dituzu.

 

Behin ERTEtik atera ondoren lanaldia murriztu ahal didate?

EZ. Eta are gutxiago enpresak zuzenean egiten badu, jakinarazpen soil baten bidez edo ordutegi murriztu bat ezarriz.

Gehienez ere enpresak murriztu ahal izanen luke lanaldia denbora partzialeko kontratuetan, Lan Baldintzen Aldaketa Nabarmen (MSCT) baten bidez, Langileen Estatutuaren 41 artikuluan ezarritako betekizunak betez: jakinarazpen idatzia (idatziz, 15 egun lehenago, eta lanaldia murrizteko dauden arrazoiak azalduz).

Zure kontratua denbora osokoa bada, ezin dizute lanaldi-murrizketarik egin, ezta Lan Baldintzen Aldaketa Nabarmenaren (MSCT) prozedurari jarraikiz ere. Modu bakarra langilearekin berariaz adostea da.

Une honetan, enpresak ERTEtik desatxikitze partziala egin dezake, eta lanaldiaren zati bat lanean hasi, lanaldiaren gainerakoa ERTEan mantenduz. Horrela, kontratua bere osotasunean mantentzen da; eta enpresak, bere aldetik, lanorduak jarduerara egokitu ditzake. Baina enpresak bide hori aukeratzen badu, berariaz jakinarazi behar dio bai SEPEri, bai eragindako langileari.

Zure enpresak lanorduak murriztu badizkizu bertzerik gabe edo idatziz jakinaraziz, jarri zaitez harremanetan sindikatuarekin. 20 lan-egun dauzkagu erreklamatzeko. Behin erreklamazio-epea iragan ondoren, enpresak hartu dituen neurriak, legezkoak ez badira ere, behin betiko geratuko dira.

Zure enpresak akordioren bat aurkezten badizu sinatzeko, ELArekin kontsultatu, deus sinatu baino lehen. Sinatu eta gero ez dago zer eginik.

 

Nire enpresak ERTEn jarraitzen badu, zer ondorio dakar lan egitera joateak? Nola jokatu behar dut?

ERTEn bazaude, eta enpresak lanera bidali nahi bazaitu, partzialki bada ere, ERTEtik desatxiki behar zaitu, lanean ariko zaren zatiagatik, eta aldez aurretik SEPEari jakinarazi.

Izapide hori bete gabe lanean aritzea arau-hauste larria da, eta zigorrak ezarri dakizkieke enpresari eta langileari. Zure kasuan gerta liteke ERTEn zehar jasotako prestazioa itzultzera behartzea, kontua beraz ez da txantxetakoa.

Zure enpresa iruzurretan dabilela konturatu bazara, salaketa aurkeztu behar duzu Lan Ikuskaritzan, eta SEPEari horren berri eman.

 

Alarma-egoera zela-eta enpresa itxi zenean, baja eman zidaten, baina ERTEn sartu gabe, eta orain arte ez naiz horretaz ohartu. Zer egin dezaket?

Kaleratua izateagatik erreklamatu behar duzu auzibidetik. Alarma-egoeraren aldirik handienean zenbait epe judizial etenda egon dira; beraz, erreklamatzeko aukera oraindik duzu eskueran, baina azkar ibili behar zara, denbora alferrik galdu gabe.

 

ERTEtik behin desatxiki ondoren, berriz sartu ahal naute?

Covid-19ko krisia gertatu arte, ezinbertzeko ERTEen prozedura oso salbuespenezkoa izan da, enpresek gutxitan erabili dutena. Horrelako egoerak ez daude araudian jasota, ez arau orokorretan, ezta pandemiaren hilabeteetan eman diren salbuespenezko arauetan ere.

Orain arte ikusi dugunagatik SEPEk, erregulazio hutsune horren aitzinean, enpresei ERTEn berriro langileak sartzen uztea erabaki du, lana hasi eta gero. Kasu bakar bat dago plantillaren zati bat ERTEn sartzerik ez izateko, eta hau da: langile guztiek jarduera berreskuratu badute, eta enpresak jakinarazi badu ERTEa amaitutzat eman duela.

 

Nire enpresa berriro irekiko denean, nire ordutegia aldatu dezakete?

Ostalaritzan eta beste sektore batzuetan, merkataritzan esate baterako, berriro irekitzeko eskatzen diren segurtasun-neurrietako bat gauzak ongi antolaturik izatea da: langileen arteko segurtasun-tartea gordetzea, eta jende-pilaketak saihestea, batez ere, lantokira sartzean eta lantokitik irtetean. Antolaketa-neurrien artean ordutegiak egokitzeko aukera dago.

Hala ere, ordutegi-aldaketa hori arrisku bat prebenitzeko hartutako segurtasun-neurriekin lotuta egon behar da, eta arriskua enpresaren arriskuen ebaluazioan identifikatuta egon behar da; gainera, ezin da lan-araudian ezarritakoa gainditu. Enpresek, beraz, ez daukate txeke zuririk ordutegiak nahierara aldatzeko. Hori gertatuko balitz, jar zaitez harremanetan sindikatuarekin egoera aztertzeko, bereziki kontziliazioagatik eta/edo zainketengatik ordutegi-zehaztapena baduzu.

 Deskargatu dokumentu osoa