“Onartezina da gobernu batek demokrazia sindikala gutxiestea”
Mobilizazio egun honen helburua uztailaren 22an Gizarte Elkarrizketaren Mahaia delakoan Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk negoziazio kolektiboaren inguruan lortutako akordioa salatzea izan da. Gutxiengo sindikalarekin sinatutako akordioa dugu, demokraziaren joko-arauak hautsi eta patronalaren interesei mesede egiten diena. Azken finean, arrakasta berri bat soldaten jaitsiera eta lan-prekarietatearen handitzea lortu nahi duen patronal batentzat. Gasteizen bildutako milaka militanteekin batera, sindikatuko aurreko Batzorde Eragileetako kide guztiek ere parte hartu dute protesta ekintzan.
Bere parte hartzean ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak patronala babestea erabaki du, honek nahi duen solaskide hautatu eta, hauteskunde sindikalen emaitzak mespretxatuz eta daukan ordezkaritza daukalarik, lan-baldintzak beren gogara ezartzeko. “Berdin dio hautatu duten sindikatuak zer ordezkaritza-maila duen, %49koa edo %5ekoa. Nahi dutena aukeratu dezakete. Gure ustez gobernuak patronalari ematen dion laguntza hori askatasun sindikalaren aurkako eraso bortitza da”.
“Eta zergatik egin du?”, galdegin du Muñozek. “Errebindikazio sindikala eta soziala geldiarazi eta soldata-jaitsiera erraztu behar direla uste duelako, Confebaskek uste duen bezala. Bide batez esan behar dugu Confebaskek ez duela inoiz egiaztatu bere ordezkaritza zenbatekoa den. Gobernuak lan- eta gizarte-prekarietatea hedatu nahi du, bere ardurapeko esparruetan egin duen bezala”.
ELAko idazkari nagusiak akordio honetan atzera egin eta langileen boza errespeta dezala exijitu dio Eusko Jaurlaritzari. “Eskakizun hori gutxienekoa da. Zure gobernuak duen zilegitasuna ez da eskubide nahikoa lan-munduan dinbi-danba sartzeko, eta sindikatuok gure hauteskundeetan lortzen dugun zilegitasun sindikala suntsitzeko. Gobernu demokratiko batek aukera bakarra du: langileek hauteskunde sindikaletan diotena errespetatzea”.
Adolfo Muñozen iritziz, uztailaren 22koa bezalako akordioek gero eta zailagoa egiten dute jakitea Gobernuko ordezkariek hitz egiten dutenean interes publikoaren edo patronalaren ordezkari gisan egiten duten. “Horregatik esaten dugu gobernu hau ‘erabakitze-eskubidearen alde’ dagoela... baina patronalaren eskubidearen alde. Gobernua ahalegintzen da gizartearen orekak galtzen, enpresarien alde. Langileek beren ordezkariak hautatzen dituztenean, Gobernuak gutxietsi egiten ditu. Politikan gero eta gutxiago hartzen da kontuan esandakoa, eta gero eta gehiago egindakoa. Gobernu demokratiko batek, Lehendakari jauna, ez du egin behar zureak egin duena. Ondo iruditzen zaizu ordezkaritza sindikaleko %10ak %90 ordeztea. Non geratuko da askatasun sindikala? Baten batek esaten badu zure alderdiaren 27 eserlekuak parlamentuan hutsaren hurrengo direla, ondo irudituko litzaizuke? Ba, hori bera egin nahi dute gurekin”.