ELAk beste zerga-politika bat exijitu du Nafarroan

2016/05/20
ELAk beste zerga-politika bat exijitu du Nafarroan
ELAko 150 bat ordezkari bildu dira gaur Iruñean fiskalitateari buruzko jardunaldi batean; EAErako antzeko saio bat datorren maiatzaren 24an izango da. Izan ere, debate hau funtsezkoa baita bidezko gizarte-eredu bat taxutzeko, administrazioek zenbat diru eta nola biltzen duten baldintzatzen baitu. Mikel Noval, azterketa kabineteko arduraduna, Mitxel Lakuntza Nafarroako arduraduna eta Adolfo Muñoz, Txiki, idazkari nagusia izan dira hizlariak.

Azterketa kabineteko eta gizarte-politikako arduraduna den Mikel Novalek paradisu fiskalak aipatu ditu ekitaldi hasieran. Paradisuen auzia puri-purian dago, Panamako paperak argitara atera berriak baitira. Bost urtean, 2009 eta 2014 bitartean, Ibex 35eko enpresek paradisu fiskaletan dituzten filialak izugarri gehitu dira, 272tik 891raino.

Nafarroako presio fiskalari buruz, Novalek gogoratu du BPGaren %29,4 besterik ez dela, hots, EB-28ko batez besteko maila baino 10 puntu txikiagoa. Presio fiskal arin horrekin batera, diru bilketa ez da bidezkoa: 2013an nafar langileek PFEZean 20.590,10 euroko diru-sarrerak atiortu zituzten, eta enpresek, aldiz, batez beste 13.226.60 euro. Datuok adierazten dute “soldatapeko ez diren errentetan iruzurrarekiko permisibitate onartezina dagoela”.

ELAko gizarte-politikako arduradunak esan du “aldaketa” ekarri omen duen Gobernu nafarraren erreforma fiskala ez dela nahikoa, eta ez duela gizarte-politikan gastua gehitzeko aukerarik ematen. Halaber, Novalek kargu hartu dio nafar gobernuari aurrekontu-politika erabakitzerakoan Madrildik datozen aginduei men egiten dielako eta gizartearentzat funtsezko diren gaietan parte hartze sozialik ez dagoelako.

Mitxel Lakuntza Nafarroako arduradunak, berriz, esan zuen garai politiko berri bat bizi duela foru-erkidegoak; ohartarazi zuenez, gobernu berria izateak ez duela halabeharrez aldaketa esan nahi: “Bada tentazio bat, eta ELA ez da horretan erori, aldaketa kontu sinbolikoetara mugatzea edota aurreko gobernuen gehiegikeriak axaletik zuzentzearekin amaitzea. Egia da, eta ELAk horrela aitortu du, euskararen, euskal kulturaren eta ahaztutako Nafarroaren aitortzan aurrerapausoak izan direla, baina aldaketa soziala ez da Barkosen gobernuarentzako lehentasuna”.

“Justizia eta berdintasun handiagoa bermatuko duen gizarte batekiko konpromisoa duen sindikatua den aldetik, ELAk Gobernu berriari eskatu behar dio 'aldaketa soziala' bere lehentasun bilaka dadila”; ondoren esan zuenez, laukoak bozkatu duen erreforma fiskala aldaketa kosmetiko hutsa da aurreko zerga-politikaren aldean. “Horrela, Nafarroak zerga-sistema injustua du, diru gutxi biltzen duena (Europar Batasuneko presio fiskalik txikienen artean gaude), iruzurraren jazarpenik egiten ez duena; hemen klase xeheek osatzen dugu biltzen den diruaren zatirik handiena”. “Bestalde, 2016rako erabaki diren aurrekontuek espainiar Gobernuak ezarritako mugak ontzat ematen dituzte, eta zorraren ordaina lehenesten dute. Honek ondorio batera garamatza: Nafarroan ere, zerga- eta aurrekontu-politikan sakoneko aldaketarik ez badago, desberdintasunaren aurkako borroka eta zerbitzu publikoen zein gizarte-eskubiden aldeko politika ezinezkoa da”.

ELAko idazkari nagusiak, berriz, botere publikoei leporatu zien ezkutukeriaz jokatzen dutela fiskalitatean edota aurrekontuetan. “Ezjakin nahi gaituzte, errazago manipulatze aldera”, salatu zuen Muñozek; honek nabarmendu zuen pedagogia beharrezkoa dela, zerga-politika errotik aldatu gabe ezin baita gizarteak behar duen aldaketa soziala iritsi. “Jendeari azaltzen badiozu zergak ordaintzea hezkuntza edota osasun sistema publiko egokia dela, eta hauek ordaindu behar ez izatea, esaten baduzu guztiek zergak ordaintzea dela gure helburua, nork bere sarreren arabera (gehiago duenak gehiago ordaintzea, alegia) inkesten emaitzak beste batzuk izango lirateke”.

ELAko idazkari nagusiak amaitzeko esan zuen Nafarroan aldaketaren gobernu bat finkatzeko modurik hoberena zerga-politikaren aldaketa sakona litzatekeela, “besteak beste, kontuak ez direlako ateratzen”; Muñozek ziurtatu zuenez, ELAk “mobilizazio soziala aktibatuko du Nafarroan aldaketa benetakoa izan dadin”.