ELAk euskaraz ikasteko aukera zabaltzea txalotzen du, baina Nafarroako Gobernuak era antidemokratiko batez erabiltzearen arriskua ez da erabat sahiestu
ELA sindikatuak ezinbesteko aurrerapauso bat bezala ikusten du Euskara Legearen aldaketa, beti ere ez euskaldun eremuko ikasleei sistema publikoan euskaraz ikasteko aukera irekitzen dielako. Azkenik, gehiengo politikoa gehiengo sozialaren zerbitzura jarri da, nahiz eta urte luzez itxaron behar izana. Mobilizazioak bere lehen fruitua eman du. Eta hori dena ikastolen lana ahaztu gabe: euskaraz ikasteko eskaerari erantzuten diote, batzuetan oso egoera zailetan.
Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta I-Ek bultzatutako aldaketa Nafarroako ikasle guztien eskubideen berdintasunaren aldeko pausoa da, zalantzarik gabe. Hala ere, gero praktikara eramanda, UPNko Gobernuaren esku gera daiteke D ereduko lerro berriak irekitzeko gaitasuna, edo lege aldaketaren garatzeko dekretuak inposatzeko aukera, aldaketa hau desitxuratuz, orain arte gertatu den bezala. Adibidez, tokian tokiko eskaeraren zehaztapena Gobernuak modu antidemokratikoan erabiltzeko arriskua dago.
Gauzak horrela, ELAk eskatzen du D ereduko lerroak Nafarroa osoan abian jartzea, eskaera egotearen baldintza bakarraren pean, eta Gobernuari modu diskrezionalean jokatzeko aukerarik eman gabe. Zentzu honetan ELAk segituko du lanean, orain Parlamentuan dagoen legearen aldaketa honi oniritzia emanez, eta Nafarroako zonifikazioa gainditzeko ahaleginean, hiritar guztion eskubideak bermatze aldera.