ELAk itzulia kendu nahi dio Dantxarineako lan-prekarietateari
Dantxarineako merkatalgunean 600 pertsonatik gora egiten dute lan hainbat sektoretan: ostalaritzan, ehunaren merkataritzan, merkataritza orokorrean, lurrindegietan, tabako salmentan etab. Kokagune geografikoa (mugaldea) dela eta, turismoarentzat erakargarria da, bereziki frantsesentzat, prezioak lehiakorrak suertatzen baitzaizkie.
Lan-baldintzei dagokienez, ordea, eskaintza lehiakor hori ez da doakoa: aldi baterako kontratazioa, zatikako kontratazioa igande eta jaiegunak barne, erabateko malgutasuna enpresaren beharren araberakoa... Errealitate horrek eragozten du lana eta bizitza pribatua uztartu ahal izatea eta prekarietatea hedatzen du bertan.
Gauzak horrela, ELAk mobilizatzea erabaki du irailaren 2ko eguerdiko 12:00etan egoera salatze aldera, egun horretan Espainiako Itzuliaren etapa bertan bukatzen dela baliatuta. Zehatzago esateko, inguruan bizikletan ibiliko dira lan baldintza duinak aldarrikatuz. Gainera, liburuxka informatiboak banatuko dituzte, lan- prekarietate egoera horrekin behingoz amaitzeko beharraren gainean kontzientziazioa eraginez.
ELAk gogoratu nahi du merkatalgunearen indarguneetako bat urtean 365 egunetan irekitzea baden arren, egitate horrek ez du inolaz ere bidezko egiten bertako enpresariek darabilten kontratazio mota, eta ez luke eragotzi behar lantoki guztietan lan-egutegia egotea langile guztien kontziliazio eskubidea bermatzeko.