Euskadiko Erkidegoan ELAren ILP-LHEarekin aurrera jarraitzeko Arbitraje Batzordearen erabakia txalotzen du ELAk

2014/12/29
Arbitraje Batzordeak ezetsi egin du Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako eskumen-arazoa eta, bide batez, ELAk planteaturiko ILP-LHEa egokitu egiten dela legediak aurreikusitako eskumen banaketara. Berri pozgarria da hau ELArentzat, baita gure ekimena babestu zuten 110.000 mila sinatzaileentzat ere.

ELAren iritziz penagarria da EAJk Bizkaiko Aldundia erabili izana milaka langileri eragiten dien arazoaren eztabaida politikoa ukatu eta ekiditeko. Zaila da politikan hain maltzurrago aritzea. EAJk aukera zuen emendakinen prozeduran beren ustetan zuzenbidezkoa ez zena aldatzeko. Halabaina, jorratu zuen bideak ekimena bertan behera uztea zekarren, planteaturiko arazoaren muina aztertzeko aukerarik eman gabe, nahiz eta jakin erakunde publikoak erantzukizun zuzena dutela gaian. Elkarrizketa sozialaren “onurak” saltzen dituen alderdi berak trabatu egin du ILP-LHE honen eztabaida bera. EAJren planteamendu politikoetan ahaztu egiten da gizartearen gehiengoa osatzen dugun langileok.

ELAk dei egiten die legebiltzarreko talde politiko guztiei Legebiltzarrean irekiko den prozeduran emendakinen tramiteaz baliatu daitezen ILP-LHEren edukiak hobetzeko eta lege bat onar dezaten kontratazio publikoetan gutxieneko eskubideak bermatzeko. Zehazki ELAk bi eskaera luzatzen ditu:

1. Lege izaera duen testu artikulatua onar dadila.

2. Onarturiko testua loteslea eta bete beharrekoa izan dadila.

Azkenik, ELAk zoriondu nahi bere militantzia guztia egindako lanagatik eta ILP-LHEk jaso duen babesagatik. Lanean jarraituko dugu onartuko den legeak ahal den modu egokienean babestu ditzan azpikontratetako langileon eskubideak.