"Madrilgo negoziazio kolektiboko akordioaren helburua langileak desmobilizatzea da"
ELAko idazkari nagusiak kritika egin dio duela gutxi UGTk eta CCOOek CEOE eta CEPyME patronalekin sinatu duten akordioari. "Patronalak nahi zuena lortu du. Garamendik Madrilen azaldu zien enpresarioei akordioaren mamia zein den: 'gehieneko muga ezarri diogu soldata igoerari; hortik behera, nahi duguna ezar daiteke, minus infinitutik gehienez %1eraino'. Bitartean, IBEX-35eko enpresetako zuzendaritzak %24ko soldata igoera eman diote beren buruari eta enpresen irabaziak puztu egin dira".
ELAko idazkari nagusiaren ustez honelako akordioak, "langileentzat baliorik gabeko erreferentziak ezartzen dituztenak, langile-klasea desmobilizatzeko erabiltzen dituzte gobernuek eta patronalek". Horregatik, edukirik ez duten akordio burokratiko hauek baztertu eta geurea erreibindikatu behar dugula esan du. "Patronal honekin, legea bere zerbitzura duelarik eta gobernuek ematen dioten babesarekin ezin da CCOOek eta UGTk sinatu dutena beste akordiorik lortu, ez EAEn, ezta Nafarroan ere". ELAk hipotesi horrekin ez du lan egingo; eduki hori ez da erreferentzia guretzat. Sindikatuak ez du bere funtzioa hustu behar gomendio hutsak sinatzeraino; hauek ez diote inolako mugarik ezartzen patronalak soldatei erasateko dituen estrategiari (negoziazioa estatalizatzea, azpikontratazioa, zerbitzu-enpresak, outsourcing).
Muñozen esanetan, "harrigarria da patronala beste erreforma laboral bat eskatzen ari denean CCOOek eta UGTk honelako akordioak sinatzea. 2012an, aurreko AENC sinatu zutenean, esan zuten Rajoyren erreforma saihestuko zutela. Bi aste beranduago PPk sekula ezagutu dugun erreforma laboralik latzena egin zuen. Orain patronal berak, epaileei prebarikatzen ari direla leporatzen dienak, beste erreforma bat galdegiten du, beren aldebakarreko erabakiak muturreraino eramateko: enplegua, hitzarmenen iraupena, soldata jaitsierak... Ulergaitza da hipotesi hori hor dagoelarik CCOOek eta UGTk erabaki bera hartzea".
ELAko idazkari nagusiak aipatu du ELAk oinak lurrean dituela. "Sistemak errealitatetik urruntzea lortzen badu; garrantzitsua zarela sinetsarazten badizu eta bere kodeak ontzat ematen badituzu, eraldatzeko helburua pikutara doa. Badakite nondik nora zoazen. Hori politikan eta sindikalismoan gertatzen da".
“Krisiaren aitzakiaz ezarri dizkiguten aldaketa basatiak ez dira egun bateko kontua; iraun egingo dute. Hemen egiten diren politikak NDFk, EBZk eta Komisioak erabakitzen dituztenen luzapena dira, eta hauek ez dituzte inola ere orekatzen. Erreformak egin dira esplotazioa hedatzeko eta hazkunde ekonomiko aldian ere galtzen jarrai dezagun. Hala da, gobernuek eta patronalak desberdintasuna areagotu nahi dute. Hor dugu bilatzen zutena: prekarietate sozial larria (pobrezia eta bazterketa) eta esplotazioa, baldintza miserableekin, batik bat kontratu berrietan”.
Txikik salatu duenez, "gobernuek estigmatizatu egiten dituzte ELAk bezala murrizte politikei aurre egin dieten erakundeak. Izan ere, patronalarekin bat baitatoz identitate kolektiboei eraso egin behar zaiela. Confebaskek ELA eta LAB sindikatu gisa deusezteko asmoa zuen, eta Jaurlaritzak patronalaren asmoa hauspotu egin zuen, sasi-elkarrizketa sozialeko mahai batean esertzera gonbidatuaz. Aski argi zegoen zer nolako asmo aurredemokratikoak zituzten, baina areago agertu dute hori berriro, hazten ari diren enpresetan ordezkaritza sindikalik ez egoteko aukera aldarrikatu baitute. Confebaskek esan zuen ordezkari sindikalak izateak, hots, oinarrizko eskubide bat erabiltzeak, enpresen hazkundea eragozten duela. Argi dago gure oinarrizko eskubideak traba direla eurentzat. Hori guztia Gasteizko gobernuko industria sailburuaren aurrean esan zuen".
Muñozek nabarmendu du gaurko erronka nagusia antolakuntzan datzala. "Hor jokatzen dugu dena. Zailtasunetan lan egitea beste aukerarik ez dugu. Horretarako aurrera atera behar ditugu egokitzapen organizatiboak, horrek ahalbidetuko baitigu, oztopoak gorabehera, gure klasearen, gure jendearen alde lan egiteko aukera izatea. Prekarietateari aurre egiteko, negoziazio kolektibo askoz zailagoari erantzuteko, lantokien atomizazioa eta lan-baldintzen estatalizazioa borrokatzeko, bazterketa sozialaren kontra lan egiteko, solidaritatezko politikak galdeginez”.
ELAko idazkari nagusiaren arabera, sindikatua egiteko lana kolektiboa da. "Sindikatuko arduradun guztiei eta oinarri militanteari dagokie. Sindikatua bere oinarri militanteak izatea nahi duena izango da; horregatik sindikalismoak militantziarako konpromisoa behar du", amaitu du.