Milaka lagun atera dira kalera Zumarragan Arcellor Mittalen itxieraren aurka

2016/03/19
Milaka lagun atera dira kalera Zumarragan Arcellor Mittalen itxieraren aurka
Zumarragako Arcellor Mittaleko Enpresa Batzordeak deituta, milaka lagunek manifestazioa egin dute zuzendaritzak lantokia ixteko egin duen iragarpenaren kontra. ELAk salatzen duenez Arcellor Mittal da Zumarragako lantokiaren egoeraren arduradun bakarra, eta ixteko erabakia zuzendaritzaren erabaki politikoa da. Gainera, bertako lan-karga multinazionalak dituen beste lantoki batzuetara eramango dela gogorarazi beharra dago.

Industria eta Eraikuntza federazioko idazkari nagusi Unai Martinezen ustez, hamarkadatan Eusko Jaurlaritza ezberdinek egin ez duten politika industrialaren emaitza dugu oraingo itxiera bolada. “Industria sailburuek pozez hartu izan dute euskal industriaren aleak multinazionalei saltzea, erabakiguneak milaka kilometrotara geratzen zirelarik”.

“Agerikoa da –ondorioztatzen du Martinezek– langileen borroka eta mobilizazioa dela proiektu industrial hau salbatzeko bermerik onena”.