Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Iritziak Neoliberalismoaren oposizio izateko borondaterik ez
Iritziak

Neoliberalismoaren oposizio izateko borondaterik ez

Adolfo Muñoz "Txiki" 2016/11/07
“Kontua da egiak oraindik axola ote duen, egitateak interesatzen zaizkigun ala ez eta faltsukerietatik bereizteko zer gaitasun dugun”. Duela gutxi argitaratutako artikulu batean Salvador Cardusek zioenez, “ez dago faktuak argitzeko lehiarik”. Hortik geure arazoak. Egitateak juzkatzen ditugunok (injustiziak, genero desberdintasuna, pobrezia, langileen txirotasuna, lan istripu hilgarriak...) ikusten ari gara eztabaida politikoa gero eta hutsalagoa dela, eta ia dena erlatibismoak estaltzen duela. Haatik, borroka ideologikoa behar dugu, neoliberalismoak oposizioa aurrez-aurre izatea, galarazi egin behar baitiogu -behar denean diru-gosez eta bortizki jokatzeko prest dagoelarik- politika eta geure jokabideak agintzea. George Steinerrek dioenez, “diruak ez du sekula orain beste agindu”. Arrazoia du.

Europa olde guztiz kontserbadorea ari da pairatzen. Horren adibide bat besterik ez da errefuxiatuen krisia. Europako Batzordean kontserbadore eta sozialdemokratek elkar hartuta politika antisozialak erabakitzen dituzte. Syrizak Troikaren aurrean kapitulatu egin zuen, eta Europan ez dugu ikusten eskuina geldiarazteko gauza den ezkerrik.

Rajoyk Espainian agintzen du, eta eutsi egingo die mozketei eta erreforma gogorrei. Hori Ciudadanosekin egingo du, eta beharrezkoa balitz, baita PSOErekin ere. EAEn EAJk izango du boterea, eta funtsezko gaiak orain arteko moduan PSE-EErekin eta PPrekin hitzartuko ditu (fiskalitatea, aurrekontuak, murrizketak, AHT, Kontzertuaren erabilpena, Kutxabank...). Hala izango da, alderdi progresistek beren posizioei uko egin eta antzeko politikak egiteko beste batura batzuk osatzen badituzte salbu.

Nafarroan, berriz, aldaketaren gobernuak 2017rako fiskalitate injustuaren fruitu diren aurrekontu batzuk proposatu ditu. Zorra ordaindu beharrak eta defizit mugak zerga-erreforma sakon eta progresibo bat egitera derrigortu beharko luke, iruzurrari jazartzeko helburuaz… baina ez da halakorik egingo. Kontrara, erabaki den erreformak ez du ia eraginik diru-bilketan eta ez du balio europar batez besteko presio fiskalarekiko dagoen defizit izugarria murrizteko. Podemosek eta EH Bilduk erreforma babestu dute, eta eredutzat aurkezten dute Espainiarako eta EAErako, hurrenez hurren. Hori bada indar progresisten alternatiba fiskala, sistemarentzat guztiz jasangarria izango da, eta aldaketa politiko eta soziala erabat ezinezkoa gertatuko da.

Beraz, neoliberalismoa indartsu dago eta oposizioari ez dio beldur handirik. Posizio eroso horretatik euskal eremuan erabaki du urrats bat aurrera egitea eta sindikalismo erreibindikatiboaren aurka Margaret Thatcherren eskuliburua aplikatzea: “Diziplina eta bake soziala” nahi dute.

Confebaskek ELA eta LAB legez kanpo jarri nahi izan zituen… “fiskalitatea” eta “AHT” eztabaidatzen genuelako, edota elkarrizketa sozialeko mahaian parte hartzen ez genuelako. Urkulluren gobernuak, berriz, 2014ko irailean egin zuen agiri batean esaten zuen mugimendu sindikala bat etorri behar zela gobernuaren politikekin, eta bestela, zigorra ezarri behar zitzaiola. Bada, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk uztailaren 22an sinatutako akordioaren xedea da sindikalismo erreibindikatiboa zigortzea. Gobernuak eta patronalak gutxiengoan dauden eta finantzazio publikoa behar duten sindikatuen babesa bilatzen dute, asmo batekin: izan dadila patronala, eta ez euskal langileak, lan-hitzarmenak negoziatuko dituzten solaskideak. Hau astakeria bat da. Ez daukate eskrupulurik, ezta printzipiorik ere; klase-interesen ondorioz gobernua eta patronala bat datoz: euren gizarte ereduan ez dute lekurik posizio kritikoak erabateko askatasunez erabakitzen dituzten sindikatuek.

Baina besterik ere gertatu da. ELArentzat deigarria da horren gertakari larria -patronalari botere handiagoa ematearren hauteskunde sindikalak gutxiestea- ezker politikoarentzat ia ustekabean pasatzea. Ez al zaie axola?

EH Bildu akordio orokorrak ari da eskaintzen politika neoliberalak egiten jarraituko duen gobernuari; Thatcherren eskuliburua sindikalismo abertzalearen aurka aplikatuko duen berberari. Elkarrekin-Ahal Duguk, berriz, uztailaren 22ko akordioaz ez du ezer askorik esan, izan ere, gai sindikala “konplexua” omen baita. Jaurlaritza lasai egon daiteke; halako garrantzia duten gaiak ez dira eztabaida politikoan agertzen.

Euskal ezker politikoak neoliberalismoaren alternatiba sindikalismo erreibindikatiborik gabe eraiki nahi ote du? Prozesu subiranista langile-klaserik gabe? Edota, akaso, erabaki du eskuinarekin akordioak lortu ahal izateko sindikalismoaren helburuak traba besterik ez direla? Hau ere egitateak juzkatzea da. Gauza larriak ari dira gertatzen, baina horiei buruzko pedagogiarik ez da egiten, borondate politikorik ez dagoelako. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk ukatu egiten diote sindikalismo erreibindikatiboari “gauza publikoez” interpelatzeko eskubidea; argudio merke bat ematen dute horretarako: ez omen gara hauteskunde politikoetara aurkezten. Goitik beherako demokratak. Confebaski ez diote halakorik eskatzen. Beldurgarria da gure agintarien defizit demokratikoa, eta kezkatzekoa ezkerreko indar politikoek hau nola erlatibizatzen duten.

Diruaren interesen aitzindariek ez dute atsedenik hartzen, eta gure herriko agintarien artean oihartzuna dute. Vocento taldeko zutabegile batek fiskalitateaz honakoa bota zuen: zerga-tasarik handienak dituen jende gehienak (aberatsek) nahiago luke ordaindu erabiltzen dituen zerbitzuak, eta ez dezatela gehiago ordaintzera derrigortu,zerbitzu publikoak erabili zein ez”. Milton Friedmanek eta Chicago Boysek ez lukete hobeto esango. Ez dute zergarik ordaindu nahi; solidaritateak nazka ematen die.

Propaganda alde batera utzita, Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia, bat dator iritzi horrekin. Sozietateen Zerga bidez bildutako diru kopuruaren jaitsiera izugarria zuritzen du esanaz ez dela “zergari eta enpresei askoz gehiago eskatzeko unea”. Ondo irizten dio zerga hutsala izateari. Ez dauka lotsarik! Berak eta bere moduko hainbatek zerga hau zuloz josi dute, kenkari, salbuespen eta hobariz bete, enpresek zergarik ordain ez dezaten. Ignacio Zubiri Ogasuneko katedradunak azaldu zuenez, euskal enpresek Espainiakoek baino zerga gutxiago ordaintzen dute: “ezer ez, edo oso gutxi; gainera, zenbat eta handiago izan, gutxiago ordaintzen dute”. Gu alde batera utzita nork aipatzen du horrelakorik euskal politikan? Nola egin daitezke gizarte-politikak errenta altuen, kapitalen eta enpresen mesedetan ezarri duten Europako presio fiskal txikienarekin?

Inoiz ez dugu esan beste aukera erraza denik. Baina bide horretatik ezin da jo borondaterik ez badago, eta euskal neoliberalismoari aurre egiteko ez dugu ikusten borondaterik, indarrik eta proiektu politikorik. Hau esan beharra dago. Pairatzen dugun aldi neoliberalaren xedea da proiektu politiko, sozial eta sindikal eraldatzaileak desegitea. Errealitate honek ere gogoeta eskatzen du.