ELAk pozik hartu du Parlament-ak erreferenduma deitzeko hartu duen erabakia

2017/09/07
Erreferenduma bultzatzen duten arduradun politikoei ELAk bere elkartasun eta babesa adierazi die telegrama baten bidez; beronetan jakinarazi die gure militanteek pozik hartu dutela agertzen ari diren indar eta sosegua. Erreferendumari ematen dion babesa adierazte aldera ELA Katalunian izango da, datorren irailaren 11ko Diadan eta urriaren 1ean, baita Bilbon ere, hilaren 16an deituta dagoen manifestazioan.

ELAren Agiria:

Erreferenduma bultzatzen duten arduradun politikoei ELAk bere elkartasun eta babesa adierazi die telegrama baten bidez; beronetan jakinarazi die gure militanteek pozik hartu dutela agertzen ari diren indar eta sosegua.

ELAk prozesuari buruz honakoa adierazi nahi du:

- Atzo Kataluniako Parlamentak hartu zituen erabakiek -eta gaurko espero direnek- gure ustez tamainako erantzuna eman diote urtetan espainiar Estatuak eman duen ezezko sistematikoari. Parlamentak atzo demokraziari bide ematea erabaki zuen, muga bakarra herri katalanaren erabakia izango delarik.

- ELAk arbuiatu egiten du PPren, PSOEren eta C's-en jokabidea, erreferenduma kosta ahala kosta eragozteko asmoa. Hain zuzen, espainiar Gobernuaren jarrera autoritario eta inbolutiboak ikusirik, ELAk uste du egunetik egunera ulergaitzagoa dela hark inolako babesik izatea.

Erreferendumari ematen dion babesa adierazte aldera ELA Katalunian izango da, datorren irailaren 11ko Diadan eta urriaren 1ean, baita Bilbon ere, hilaren 16an deituta dagoen manifestazioan.