Basurtu ospitaleko lanen esleipenean iruzurra atzeman da

Bizkaiko Entzutegiak Erosketa, Obra eta Zerbitzu Estrategikoen Zuzendariordetzan lanean aritutako teknikari bat zigortu du funtzionario-eroskeriagatik: eraikuntza enpresa bati esleitu zizkion Basurtuko Ospitaleko lanak opor bidaien truke.

Areilza Pabiloiko (Basurtuko Ospitalea, Bilbo) eskaileretatik ibili besterik ez da behar argi ikusteko egindako lanak ez zirela ondo egin: hormetan altxatuak; hezetasunak; diseinu eta egitura hutsuneak; etab. Gogorarazi behar dugu ere pabiloi berrian gertatutako sutea. Zorionez, ez zen gertatu gaixoak pabiloi barruan zeuden bitartean.

Orain ezagutu izan dugu guzti horren atzean delitu bat dagoela eta argi geratu da lanak egin zirela material merkeagoekin, gastuak aurreztu nahian.

ELAk Osakidetzar galdetu nahi dio ea hau izango den ondorio bakarra, eta ea ez duen inork hartu behar bere gain gertatutakoaren gaineko erantzukizuna. Diru publikoa erabili izan da delitu bat egiteko, eta, horren ondorioz, osasungintza bezain inportantea den zerbitzu publiko bat eskaintzeko beharrezkoak diren azpiegiturak ez dira egokiak.

ELAtik ESIko eta Osakidetzako zuzendaritzari exijitzen diogu dagokien erantzunkizunari aurre egin diezaioten, egoera honen arduradunak izan baitira.