HERIOTZA HONDARRIBIAN

ELAk ikerketa zorrotza eskatu du, poliziaren jardueraz zein gertakaria eragin zuten inguruabar eta aurrekariez

2026/09/29
ELAk ikerketa zorrotza eskatu du, poliziaren jardueraz zein gertakaria eragin zuten inguruabar eta aurrekariez
ELAk deritzo sekula baino premia handiagoa dela helburua izatea segurtasun sistema publiko, orokor, prebentibo eta foku anitzekoa.

ELAren iritziz ezinbestekoa da Hondarribian gertatutako heriotzaren ikerketa sakona egitea, baina ez soilik poliziaren jardueraz; kontutan izan behar dira ere gertakari honen inguruabarrak eta aurrekariak. Zerbitzu publikoek gardentasunez jokatzea funtsezkoa da herritarren errespetua eta konfiantza izan dezaten. 

Sindikatu honentzat atzo Hondarribian gertatu zena ez da egoera bakana. Izan ere, Santurtzin bezalaxe, hildakoak osasun mentaleko arazoak zituela gauza jakina baitzen. Bi kasuetan udaltzainek aurrez ere hildakoekin harremana izan zuten.  

ELAk aspaldidanik ohartarazi izan du sindikatu korporatiboak segurtasun ereduaren ikuskera okerra bultzatzen ari direla, eta horretarako gobernuen eta eskuineko alderdien oniritzia jaso dutela. Orain uste dugu bi gertakariok agerian uzten dutela, inoiz baino areago, gure gizarteak behar duen segurtasun eredua birpentsatzeko eztabaidari heldu behar zaiola berriro. 

Lehenbailehen jo behar dugu bestelako segurtasun sistema baterantz: publikoa, orokorra, prebentiboa eta foku anitzekoa. Hrrek politika publiko sendoak eskatzen ditu, koordinazio-tresna, -protokolo eta -sistemak barne. Halaber, zerbitzu publiko sozial eta sanitarioak behar dira egoera hauei langile eta bitarteko nahikoekin heltzeko, diagnostiko eta tratamendu egokiekin eta ardatza prebentzioan kokatuz. Horregatik hainbat kontu eztabaidatu behar dira:

  • Poliziari eta gainerako zerbitzu publikoei segurtasun publikoan dagokien eginkizuna.

  • Poliziak jaso behar duen trebakuntza.

  • Poliziak bere botere bereziak nola erabili behar dituen, batik bat suzko armak, baita beste tresna batzuek ere, esaterako dispositibo estatikoak edota pistola elektronikoak.