Gehiengo sindikalak hezkuntza departamenduaren inprobisazioa salatu du
STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok jakinarazi nahi dugu martxoaren 26an eta 27an egitekoa zen Lanbide Heziketako Feria ez dela gauzatu. Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik jakinarazpen bat bidali zitzaien ikastetxeei, bertan behera geratu zela jakinarazteko.
Gure ustez, Hezkuntza Departamentuaren funtzionamendu kaotikoaren beste adibide bat da. Inprobisazioa Nafarroako Gobernuak parte hartu behar zuen foroetatik ezabatzeraino ere iritsi izan da, joan den azaroko grebaren hiru egunetan bezala, edo oraingoan bezala, berak antolatutako Feria bertan behera uzteraino.
Kontua da, kalitatezko Lanbide Heziketaren alde kontzentrazio jendetsua eta manifestazio arrakastatsua egin ondoren, eta irakasleen % 86k Lanbide Heziketako Irakasleen Batzarrak proposatutako aldarrikapenak babestu ondoren, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak ez dutela inolako erantzunik eman. Are gehiago, Nafarroako Parlamentuak mozio bat atera zuen aurrera, Lanbide Heziketa Dualaren ezarpena aurrera eramateko behar diren baliabideak ez jartzeagatik sortzen ari diren arazoak konpontzeko negoziazio prozesu bat has dadin. Hilabete beteko da igande honetan bertan mozioa onartu zenetik eta ez da gobernuaren aldetik erantzunik izan.
Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 271 milioi euroko superabita duela 2024 urteari dagokionez, inbertsioetarako erabil dezakeena, eta ez zorra ordaintzeko. Gaurkoan jakinarazi du ere 2025 urteari dagokionez 575 milioko superabita izan duela. Beraz horrek erakusten du badagoela tarte handia Nafarroako aurrekontu orokorretan hezkuntza publikoko inbertsioa handitzeko.
Orain, Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturterako plantillak osatuko ditu, eta ez dugu onartuko, joan den ikasturtean gertatu zen bezala, aurten jasan ditugun murrizketak bertan txertatzea. Plantilla horietan islatu behar dira kolektiboaren aldarrikapenak, eta, horrela ez bada, mobilizazioak areagotu eta indartuko ditugu, Lanbide Heziketaren eskaintza bidezkoa, duina eta kalitatezkoa izan dadin behar diren lan-baldintzak bermatzea lortzen dugun arte. Borondate politikoaren kontua da. Lanbide Heziketa eta hezkuntza publikoa benetan lehentasuna diren erakusteko unea da.