ELA Mahai Orokorretik altxatu da, Jaurlaritzak 35 orduak berreskuratzeari ezezkoa eman eta murrizketekin jarraitzeko asmoa agertu ondoren

2014/11/14
ELA Mahai Orokorretik altxatu da, Jaurlaritzak 35 orduak berreskuratzeari ezezkoa eman eta murrizketekin jarraitzeko asmoa agertu ondoren
ELAk eskaturik, aztertu den lehen gaia 2015eko lanaldia izan da. Jaurlaritzari exijitu diogu, bereziki enplegu publikoa suntsitzeari azkena emateko. Hortaz, lanaldi dekretua erretiratzeko eskatu dugu, eta asteko 35 orduko lanaldia berreskuratzeko; ordezkapenak lehenengo egunetik egiteko, lanpostu hutsak ez deusezteko eta plantillak egonkortzeko.

EPEak gobernuaren aitzaki hutsak dira lanpostu suntsiketarekin jarraitzeko. Osakidetzan 8.000 behin-behineko langile daude eta gobernuak 474 lanpostuko EPEa egiteko asmoa dauka.

Irakaskuntzan 4.500 tik gora lanpostu egonkortzeko premia dago eta gobernuak 275 eko EPEa egiteko asmoa du.

Autonomoan 2.500tik gora behin-behinekoak dira eta Gobernuak plazaratu nahi dituen lanpostuak sententziak irabazi dituzten langileenak baino ez dira.

Honi guztiari gehitu behar zaio, azken urteetan 5.000 lanpostutik gora suntsitu direla sektore desberdinetan: Osakidetza, Irakaskuntza, Autonomoa, EITB...

Bileran ELAk politika hauek errotik aldatzea exijitu du, euskal esparrua errespetatzea, 2010eko mahai orokorreko akordioa bere osotasunean betearaztea, kanpoko ezarpenik onartu gabe. Enplegu suntsiketaren politika errotik aldatzea, horretarako 35 orduko lanaldiaren akordioa betetzea, ordezkapenak lehen egunetik egitea. Modu berean, eroste ahalmena berreskuratzea, kendutako eskubideak berreskuratzea, externalizaziorik eta pribatizaziorik ez egitea.

Hala ere, Gobernuak ELAk egindako proposamen guztiak baztertu ditu, are gehiago, lanaldia urteko beste 15 ordutan handitzeko aukera aipatu du, Madrilen aginduak zintzo jarraituko dituela argi utziz, eta egoera gehiago okertuz.

Ez dauka autogobernua edo zerbitzu publikoak defendatzeko inongo borondaterik. Gaur erakutsitako jarrerak ez dio zalantzari lekurik uzten: Urkulluren gobernua bat dator Rajoyrenarekin enplegua suntsitzeko, soldatak murrizteko eta zerbitzu publikoei erasotzeko politiketan. Gobernuaren borondaterik eza ikusirik, ELAk alde egin du mahaitik.

Argi eta garbi geratu da Urkulluren gobernua ados dagoela murrizketa politikarekin. Baina, politika hauek Enplegu publikoa nahiz pribatua suntsitzea eragiten dute, lan eskubideen galera eta zerbitzu publikoen kalitatearen galera nabarmena.

ELAk, langileak antolatzera eta mobilizatzera deitzen jarraituko du, EAEko Administrazioko langile taldeari, zerbitzu publikoei eta gizarteari kalte egiten dieten murrizketa politika hauek errotik aldatu arte.