EUSKARAZ BIZITZEKO ESKUBIDEA

Abenduaren 27an Miribilla betetzeko deia egin du ELAk

2025/12/19
Abenduaren 27an Miribilla betetzeko deia egin du ELAk
ELAk adierazi du bere lehentasuna mobilizazioa dela, "euskararen aurkako ofentsiba judizial, politiko eta sindikalari aurre egiteko eta euskal hiztunen hizkuntza zapalkuntzari buelta emateko". Hori dela eta, bere militantziari dei egin dio Kontseiluak abenduaren 27an antolatutako Bilboko mobilizaziora joan daitezen.

ELAk salatu du euskal hiztunek ez dutela bermatuta beren bizitzako eremu gehienetan euskaraz bizitzeko eskubidea. Lan arloan, egoera kezkagarria da: enpresen % 1ek bakarrik du euskararen normalizazio planen bat onartuta, eta gainerako enpresetan gaztelania erabat inposatzea onartzen da.

"Euskaraz bizitzeko oinarrizko eskubidea urratu egin da urteetan gaztelania eta frantsesa inposatu dituzten estatuen presiopean. Alderdi politikoek, sindikatuek, epaileek eta komunikabide euskarafoboek inposizio hori murrizteko edozein neurriri eraso egiten diote modu basatian, eta aspalditik jasaten ari garen zapalkuntza estrukturalari jasaten ari garen erasoaldia gehitu behar zaio ", dio ELAk. Joan den astean, sindikatuak gogorarazi duenez, euskal gizarteak bi erabaki judizial berri izan ditu norabide berean, bata Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bultzatutako konstituzionaltasun auziarekin eta bestea CCOOk irabazitako demanda batekin.

"Azken urteotako ikerketa soziolinguistikoek argi eta garbi erakutsi dute euskal gizarteak bizi duen egiturazko hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, iraganeko normalizazio estrategiak ez direla nahikoa euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko", azaldu du ELAk.
Gaineratu duenez, "egiturazko zapalkuntzak egiturazko aldaketak behar ditu". Zoritxarrez, dio, azken urteotan erakundeek hartutako erabakiek uko egin diote aldaketa horiek bultzatzeari (EAEko Hezkuntza Legea, merituen Nafarroako Dekretua, komunikabide publikoen egoera...). Erakundeek eragin nahi ez dituzten aldaketak herritarren presioarekin bakarrik posible izango direla uste du sindikatuak.

Horregatik guztiagatik, ELAk oso garrantzitsutzat jo du euskaltzaleek euskararen berpizkundean aro berri bat irekitzeko indar erakustaldia egitea eta horretarako abenduaren 27an Miribilla betetzeko deia egin du.