Muñoz : “Sindikatua indartu beharra daukagu enpresetan”
Federazioek ezohiko kongresuak egin dituzte gaur egokitze prozesu hau burutu ahal izateko. Horretarako 4 federazioak 3tan biltzeko erabakiak hartu dituzte Bilbon eta Basaurin egin diren kongresuetan bildutako ordezkariek. Federazio berri bat sortu da, ELAko Industria eta Eraikuntza Federazioa. Beronek Metaleko federazioa eta Hainbateko eraikuntza eta sektore industrialak hartuko ditu bere baitan. Federazio berri honekin batera, lehenago zeuden Zerbitzuak (zerbitzu pribatuak) eta Gizalan (zerbitzu publikoak) federazioek osatzen dute errealitate federala.
ELAk oso emaitza ontzat jo ditu gaur goizean Bilbon eta Basaurin egindako ohiz kanpoko kongresuetan izan direnak; orain arte sindikatuan lau federazio baziren, hiru izango dira aurrerantzean. Honela erantzun egokia eman nahi zaie azken erreforma laboralei eta negoziazio kolektibokoei, zeinen helburua baita patronalari aukerak ematea bere asmoak errazago betetzeko: enplegua suntsitzea, soldatak jaistea eta lan-baldintzak okertzea. Sindikatuaren iritziz kongresuotako emaitzak argi erakusten du aurre egin beharreko erronkei kohesio handiz ekiteko moduan dela.
Ohiz kanpoko kongresuekin barne-eztabaida prozesu luze bat burutu da, eta bere emaitza, ELAko Industria eta Eraikuntza federazioa delakoa sortzea; honetan biltzen dira orain arteko Metaleko federazioa eta Hainbateko sektore industrialak. Bestalde, birmoldaketaren ondorioz Gizalan eta Zerbitzuak federazioetan ere sektore berriak izango dira.
Federazioak berrantolatzeak estatutu federalak berritzea beharrezko egin du, eta hauei buruzko bozketan ia aho batez onartuta geratu da ordezkarien aldetik.
Gainera, hiru federazioetako batzorde iraunkorretako kideak bozketa sekretuan hautatu dituzte. ELAko Industria eta Eraikuntza Federazioko zuzendaritzak %92,5eko babesa jaso du; Zerbitzuaken, %86koa, eta Gizalanen, botoen %90a.
ELAko Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkari nagusia Unai Martinez (orain arte ELA-Metaleko Idazkari Nagusia) izango da, eta Idazkari Nagusiaren albotarako, Luis Fernandez (orain arte ELA-Hainbateko Idazkari Nagusia). Idazkari nagusi gisa jarraituko dute Mirari Irurek ELA-Zerbitzuak federazioan eta Igor Eizagirrek ELA-Gizalanen.
ELAko idazkari nagusiak salatu du uztailaren 7a –hitzarmen askoren ultraaktibitatea amaitzen den eguna– gainean daukagula eta patronala erreformaz baliatzen dela xantaia egiteko. Era honetan galdetu du LABek, CCOOek eta UGTk zergatik ez dioten enpresetako negoziazioari heldu nahi, badakiten arren patronalak sektoreak blokeatzen dituela eta hitzarmen sektorialak ez direla bete beharreko gutxienekoa. Adolfo Muñoz “Txiki”k adierazi du soldatak defenditu egin behar direla, bidezkoa delako eta haien alde eginez enpleguaren alde egiten delako.
Bere iritziz “enpresa mailan ekintza sindikalari uko egitean lan-baldintzetan eta sindikalismoarengan kalte izugarria eragin dute”. Muñozek amaitu du berretsiz antolatu beharra dagoela. “Antolatzea da, garai honetan, geratzen zaigun arma bakarra”.