ELAK ez du aurreakordioa babestuko ez delako erosahalmena bermatzen
Bost ordu baino gehiagoko bileraren ondoren, eta sektorearentzat funtsezkoak diren gaiak jorratu gabe, negoziazioa LABen egoitzara lekualdatuko da gaur arratsaldean. ELAk jakinarazi du ezin izango duela deialdi berri honetara joan, ez baitu denbora nahikoarekin deialdia jaso. Dakigunez, CCOO eta UGT ere ez dira bileran izango, eta, beraz, bilera LABen eta patronalen artekoa izango da.
Gertaera hau bereziki larritzat jotzen dugu. Ez dugu ulertzen hitzarmena ixteko eta sinatzeko premia, funtsezko gaiak jorratu gabe eta erakunde sindikal guztiek parte hartzeko eta negoziatzeko gutxieneko baldintzak bermatu gabe. Zer dago presa horren atzean? Zergatik da premiazkoa akordio bat edozein preziotan lortzea? Harrigarria egiten zaigu, behintzat.
Aurreakordioak badirudi hurrengo sei urteetan sektorearen negoziazio-gaitasuna hipotekatuko duen testu batean gauzatuko dela. Epe luzeegia egungo testuinguru ekonomikoan, non erosteko ahalmenaren galera ezin dugun alde batera utzi. Negoziazioan KPIaren urteko klausula bat ez sartzea erosteko ahalmenaren balizko galera eragozteko marra gorria da ELArentzat. Horrela, mahai gainean dagoena da 7 urterako hitzarmen berri bat, inolako soldata bermerik gabe KPIarekiko, eta 2026 urte honetarako ia % 1eko diru galera onartzen da.
Gainera, ezin dugu onartu funtzionarioen soldata-igoeren bermearen neurria aurkeztea ekiparazioa ekarriko balu bezala. Soldata-igoerak ehuneko berdinetan bermatzeak ez du esan nahi soldata-berdintasuna eta lan-baldintzen berdintasuna lortuko direnik Administrazio Publikoarekiko. Ez gaitzatela engainatu, hemen ez dago ekiparaziorik. Aldeak izaten jarraituko dugu osagarrietan, lanaldian, eskubideetan, lan baldintzetan eta errekonozimendu profesionalean. Ekiparazioa ez da lortzen soilik igoera-ehunekoak berdinduz; dauden desberdintasunei heldu eta horiek zuzendu behar dira.
Bereziki tristea da sektorearen mobilizazioa bultzatu, batasuna sortu eta patronalaren aurrean presio kolektiboa indartu beharrean, LABek sektorearen aldarrikapenetatik oso urrun dagoen hitzarmen baten itxiera nola gidatzen ari duen. Ez gara nahikoak ez diren soldata igoera batzuetz bakarrik ari. Gai askotan neurriak falta dira, besteak beste: lan osasunean, kontratazio partzialean, Euskaran, Berdintasunean, prekarietatearen aurkako neurrietan, binkulograman edo adineko langileentzako neurrietan.
Sei urteko hitzarmen bat ezin da itxi funtsezko gaiak konpondu gabe utzita, eta langileek hobekuntzak aldarrikatzen jarraitzeko duten gaitasuna hainbeste denboran mugatuta. Nafarroako esku-hartze sozialak hitzarmen bat merezi du bere profesionalen mailan eta egiten duten lanaren garrantziaren mailan. Ez presek baldintzatutako akordio bat, datozen sei urteetan aldarrikapen berriei atea itxiko diena.