ELAk salatzen duenez Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen egiturazko aldaketen ondorioz arriskuan gera daitezke nekazaritza/abeltzaintza zein nautika/arrantza prestakuntzak
Eusko Jaurlaritzak dagoeneko argitaratu ditu arloetako dekretua (EHAA, 2013-03-07) eta egituretakoa (EHAA, 2013-04-24), lehen sektoreko prestakuntzaz arduratzen diren ikastegiak Hezkuntza Sailaren ardurapetik ateratzen dituztenak; eta plantillako ordezkarien azalpen-eskeei erantzunik eman gabe.
Eusko Jaurlaritzak erabaki du ikastegi horiek Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitzea. Erabaki hori lehen pausoa izan daiteke prestakuntza-ikastegiak enpresa publikoaren esku uzteko bidean. Alde horretatik, puntu hori argitze aldera egindako bilera-eske guztiei erantzunik eman ez izana susmagarria da, pentsatzekoa baita gobernuak horren inguruan ezkutuko asmoak dituela.
ELAk exijitu dio Eusko Jaurlaritzari zerbitzu hori kanporatzeko asmoa bertan behera uzteko. Kanpoko kudeaketaren ondorioz zerbitzuaren kalitatea hondatuko zen; eta gainera, erabakiaren benetako asmoa antzematen da: Administrazio Zuzenbidearen zorroztasunetik at, kontratazioak eta zuzendaritza-karguen izendapenak nahierara egin ahal izatea, eta aurrezki-neurri gisa lan- edo zerbitzu-murrizketak aiseago egin ahal izatea.
Halaber, ELAk exijitu dio Eusko Jaurlaritzari langileen kexei erantzuteko. Izan ere, langileek ezin dute kalitatezko zerbitzua eman, lan-egoeraren prekarietatea dela-eta, eta finantzazio urriagatik baliabide eskasak direla-eta.
ELA ikastegi horiek Administrazio Publikoaren baitan mantentzearen aldekoa da. Zerbitzu publiko horren jardunaren ardatzean kokatuko diren ezaugarriak: kalitateari eustea, gardentasunik handiena bermatzea, herritarrentzako arreta hobetzea, eta herri-langileen lan-eskubideak errespetatzea.
Eusko Jaurlaritzak langileen ordezkariei jaramonik egin gabe jarraitzen badu, eta langile horiek Administrazio Publikoaren barruan (eta irakasleen kasuan Hezkuntza Sailean) mantentzea bermatzeari uko egiten badio, egoki uste ditugun mobilizazioak bultzatzera beharturik egongo gara, beti ere lan-kidego hori enpresa publiko bati eskualdatzea ekiditea helburu dugula.