UTE ITS ETA GERTEK

Gipuzkoako errepideetako mantenuko langileek %22ko soldata igoera jasotzen duen akordioa lortu dute

2023/04/28
Gipuzkoako errepideetako mantenuko langileek %22ko soldata igoera jasotzen duen akordioa lortu dute
Urtebeteko borrokaren ondoren, ITS Alde Baterako Enpresen Elkarteko (ABEE) eta GERTEKeko langileek akordio bat lortu dute. Akordioari esker Gipuzkoako errepideak mantentzeko gainerako ABEEekin parekatuko dituzte euren lan baldintzak. Horrek esan nahi du greba hasi aurretik zituzten urteko soldatak 6.000 euro baino gehiago igoko direla, hau da, %22. Gainera, plus berrien akordioak %10eko soldata-igoera gehigarria ekar lezake. Azpikontratazioei ere mugak ezartzen zaizkie, GERTEKeko langileak ITS ABEEra subrogatuko baitira.

Kolektiboa BIDEGIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako zerbitzuko 22 langilek osatzen dute, AP-1/AP-8 eta N-636 errepideen mantentze elektrikorako. Langile horiek 2022ko maiatzaren 1etik greban zeuden, beren lan-baldintzak hobetuko zituen hitzarmen bat sinatzeko helburuarekin.

Horrela amaitu da urtebetez luzatu den greba. Akordioa ospatzeko, 'azken kontzertua' eskaini dute Zarauzko ordainlekuan. Urte honetan hori izan da protesta egiteko eta haien aldarrikapenak ikusarazteko modua. Beste behin ere, agerian geratu da borroka, greba eta sindikatu sendo baten babesa direla lan-gatazkak irabazteko gakoa.