Garoñaren behin betiko itxieraren alde

2015/02/17
Garoñaren behin betiko itxieraren alde
Egungo egoera larria dela-eta, dei egiten diete arabarrei otsailaren 28an mobilizazio baten parte hartzera. Berau arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Arabako lurralde historikoko sektore guztiak beren atxikimendua erakustera gonbidatzen dituzte.

Araba Garoñarik gabe ekimenaren agiria:

Martxoaren 2an 44 urte beteko dira Garoñako Santa Mariako zentral nuklearra abian jarri zenetik, 1971n. 2012tik itxita, Nuclenorrek (Iberdrola eta Endesa) eskaera egin dio Industria Ministerioari berriz ireki dezaten, 2031ra arte. Inoiz egin gabeko eskaera da, izan ere, orain arte sekula ez da eskatu 10 urtetik gorako jarduera-baimenik, eta inoiz ez da planteatu erreaktore baten 60 urtera bitarteko ustiapena.

2013ko uztailean Garoñaren ustiapenaren behin betiko etetea BOEn argitaratu ostean, Alderdi Popularraren gobernuak Errege Dekretu bat onartu zuen 2014ko otsailean behin betiko jarduera-etetea behin-behinekoa bihurtzeko, legeria paroxismoraino bihurrituta legezkotasun zalantzagarriko dekretuen bidez, bata bestearen atzetik. Dekretuoi esker, aukera dago zentrala berriz irekitzeko; beharrik egon gabe, zentzugabea eta garaiz kanpokoa ez ezik, sinesgaitza ere bada.

Urrats guztiak ematen ari dira Fukushimako zentralaren bikia irekitzeko. Garoñakoak Japoniakoaren erreaktore-mota berdina du, hala nola euspen-sistema eta abiarazteko data berdinak, baita fabrikatzaile bera ere. Egoera are asaldagarriagoa da kontuan hartuta instalazio zaharkituko segurtasuna kolokan jartzen duten arazo tekniko ugariak: istripuetarako euspen-sistema, desegokitzat joa; hozketa-sistematik eratorriak, ura Ebrotik zuzenean hartuta; hondakin erradiaktiboen igerilekua lohiz beteta egotea; edo erreaktorearen ontziaren egoera, izan ere, bi erreaktore belgikarretan berriki agertutako pitzaduren ondorioz berehala itxi behar izan dira (berauen fabrikatzailea Garoñakoaren berbera da).

Ez dago justifikaziorik zentralaren jarduera-eremuan bizi garenon segurtasuna, etorkizuna eta bizitza arriskuan jartzeko, are gutxiago lehen belaunaldiko instalazio batez ari garenean, luzaroan amortizatua, argindarraren hornidurari dagokionez ez dena beharrezkoa eta garrantzi gutxi izan duena argindarraren fakturaren prezioa ezartzeko orduan.

Araba Garoña Gabe Ekimenetik aurrera jarraitzen dugu 2012an mota guztietako 250 entitate baino gehiagorekin hartutako konpromisoarekin, Olgetako Adierazpenean jaso bezala: “Eskaera egiten diegu Arabako ordezkaritza politikoari eta estatuko erakunde eskudunei Arabako herritar gehienen nahia errespetatzeko beharrezko jarduketei ekiteko”.

Egungo egoera larria dela-eta, dei egiten diegu arabarrei otsailaren 28an mobilizazio handi baten parte hartzera. Berau arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Arabako lurralde historikoko sektore guztiak beren atxikimendua erakustera gonbidatzen ditugu.