Langabeziak gora eta gizarte babesak behera
Urtarrilean 73.788 lan-kontratu sinatu dira, eta hauetatik %91,7a izan dira behin-behinekoak. Datu honek, behin-behinekotasuna jaistea arrazoi nagusitzat zuen lan erreformaren porrota islatzen du.
Langabezia handitzeaz gain, ELA sindikatuak kotizaziopeko langabezia-saria %38,9ak soilik jasotzen duela gogorarazten du, eta %24,5ak laguntzazko prestazioa (dirutan txikiagoa dena). Beraz, langabetuen %63,4ak jasotzen du langabezia-saria, eta %36,6ak ez du inolako prestaziorik jasotzen.
Langabezia-saria jasotzen duten pertsona kopuruaren bilakaera ere ez da batere ona, azken 12 hilabeteetan, 6,1 puntu jaitsi baita portzentaia hau, jaitsiera ia guztia kotizaziopeko prestazioan eman da gainera.
Pentsio publikoen aurkako eraso bortitzena den Akordio Sozial eta Ekonomikoa (ASE) sinatzen ari diren egunean, enpleguarentzako, prekarietatearen aurkako eta babes sozialarentzako negargarriak suertatzen diren politikak egiten ari direla ikus dezakegu berriro ere. ASEk langileen interesen aurkako egungo politikak ontzat ematea suposatzen du. ELArentzat, gaur ASEa sinatzen dutenen ez dute pozik egoteko inolako arrazoirik.
Hau guztiagatik, ELAk lan baldintzak hobetzeko eta politika publikoak aldatzeko mobilizazioa eta borroka bultzatzako bere konpromisoan tinko segitzen du.