Greba Trapagarango Eguneko Zentruan eta Jubilatuen etxean

2014/03/06
23 greba egun ondoren, Trapagarango Eguneko Zentruko eta Jubilatuen etxeko langileak udalaren pertsekuzioa jasaten ari dira. Udalak, negoziazioa alde batera utzi du eta segurtasun neurri polizialak hartu ditu langile hauen aurka, hain da honela, pasa den ostegunetik, udaltzainek, grebalariak jarraitzen dituzte, udalaren aurrean egin behar duten edozein aldarrikapen murrizteko aginduarekin.

Gainera, identifikatzeko eskatzen diete (beraiei, grebalariei, bakarrik), pleno eta ongizate komisioetan parte hartu nahi izan duten bakoitzean. Beste garai batzutako neurri hauetaz gain, gobernu batzordeak, garbitasun talde bat ezarri du zeregin batekin: Langileak autoz jarraitzea langileak beraien arazo eta aldarrikapenak udalerrian sozializatu nahi duten bakoitzean, seinale hauen kentzeko. Honela, sozializazio eskubidea ere ezerezean geratzen da.

Honetaz gain, Trapagarango udal gobernuak harturiko jarrera salatu nahi dugu, ADEGIk azkenaldian mahai gainean jarri duen lan harreman eredua bere egin baitu, hau da, langileen lan baldintzen negoziaketa indibidualizatu nahi du.

Trapagarango udalari, neurri guzti hauek bertan behera utzi eta benetan eguneko zentruan eta zahar etxean dagoen arazoa konpontzen hasi daitezela exijitzen diogu.