EIBARKO UDAL GARBITZAILEAK
Lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du ELAk
Eibarko Udalarentzat azpikontratatuta lan egiten duten garbitzaile guztientzako lehen hitzarmen kolektibo propioa sinatu du ELAk. Urte hasieran abiatu zen negoziazioa, eta oztopo askoren ostean eta mobilizazioari esker, akordioa erdietsi da.
Hitzarmen hori lorpen historikoa da herriko garbitzaile azpikontratatuentzat, lehen aldiz lan marko komun bat ezarriko baita, enpresa adjudikatzailea edozein dela ere. Horrela, lan baldintzak homogeneizatzea lortuko da, eta urteetan zehar zerbitzu bera baldintza desberdinetan egin duten langileen arteko ezberdintasunak desagerraraziko dira. Horrek esan nahi du, hitzarmen estatala aplikatzen zitzaien garbitzaileen lan baldintzak(Bedu Avatako enpresakoak) hobetuko direla, esaterako.
Hitzarmena lehen urrats erabakigarria da Eibarko azpikontratatutako garbitzaileen lana duintzeko bidean, eta etorkizuneko negoziazioetan eskubide eta hobekuntza gehiago lortzeko oinarriak ezartzen ditu.