EUSKARA

ELAk EiTBko arduradunen kargugabetzea eskatu du ETB3ren itxiera atzera bota ezean

2026/03/25
ELAk EiTBko arduradunen kargugabetzea eskatu du ETB3ren itxiera atzera bota ezean
ELAk ETB3 berehala berreskuratzea eskatzen du eta euskararen kaltetan doan norabidea salatu du.

ELAk deitoratu du EiTB-k ETB3 katea bat-batean itxi izana, beste eragileekin kontrastatu edo eztabaidatu gabe eta aurretiazko abisurik eman gabe. Horren ordez, kate publikoak bere eskaintza berrantolatu du: ETB3ren lekuan ETB1 On jarri du —errepikapenak eta zuzeneko emisioak eskaintzen dituen kanala—, eta ETB4ren lekuan ETB2 On.

ELAk adierazi duenez, EiTBk erabaki hauek “digitalizazio prozesuaren” ondorio eta ETB3ren audientzia datu baxuen ondorio gisa aurkeztu ditu. Hala ere, sindikatuak ohartarazi du neurri honek Euskal Herriko familien %40 inguru —Smart TVrik ez dutenak— haurrei zuzendutako euskarazko eskaintzarik gabe utziko dituela.

ELAren ustez, erabakia oso larria da eta EiTBren gaztelerazko apustuaren beste adibide bat da. Sindikatuak lotsagarritzat jo du audientzia datuak aitzakia gisa erabiltzea, eta salatu du kudeaketak berak ahuldu duela ETB3, haren programazioa indartu beharrean. Ildo beretik, ohartarazi du logika bera aplikatuz gero, beste kate batzuen jarraipena ere zalantzan jar litekeela.

ELAk audientzia datu txarrak PNV-PSE gobernuaren kudeaketaren ondorio zuzena direla adierazi du, eta salatu du gaztelaniazko edukiak lehenetsi direla, bai telebistan bai irratian, euskarazkoen kaltetan. Sindikatuaren iritziz, erabaki hauek agerian uzten dute euskararekiko eta herritar euskaldunekiko utzikeria gero eta handiagoa.

Egoera honen aurrean, ELAk arduradun politikoen kargugabetzea eskatzen du hartutako erabakiak zuzentzen ez badira. Zehazki, ETB3ren itxiera bertan behera uztea, eta EiTB osoan programazioa eta politikak berritu eta indartzea eskatzen du, bereziki euskarazko kateetan. Sindikatuak azpimarratu du kalitatezko euskarazko eskaintza, publiko guztiei zuzendua, ezinbestekoa dela hizkuntzaren eta herriaren biziraupenerako.

ELAk dei egiten die langile euskaldunei, euskaltzaleei eta hizkuntza eskubideen berdintasunaren aldekoei ETB3ren itxieraren aurkako eta EiTB euskaldun baten aldeko sinadura bilketan parte hartzera.