Elorrieta:“Aberastasunaren bidezko banaketa nahi dugu”
Mikel Noval, azterketa bulegoko arduradun eta batzorde eragileko kideak, eman dio hasiera Ogeta pilotalekuan ihardunaldiari. Datozen hilabeteetan aberastasunaren banaketa ardaztzat izango duen ekintza-kanpaina bat garatuko duela ELAk, aurreratu du.
Novalek nabarmendu duenez gobernuak dira finantza-krisiaren arduradunak, politikak interes pribatuen alde egin duelako. “Gobernuek euren eginbehar publikoari eutsi beharrean ekonomia merkatuaren ez beste inoren esku utzi dute. Kapital-mugimenduak liberalizatu eta desarautu dituzte, enplegua ezegonkortu, lan-harremanak banakotu eta sektore publikoaren pisua zorrozki urritu (errenta handiek eta kapitalak ordaindu beharreko zergak murriztuz, pribatizazio eta azpi-kontratazioak bultzatuz, eta gizarte-estaldurak gutxituz)”.
Jose Elorrietak, bere aldetik, ELAk aberastasunaren bidezko banaketa nahi duela azpimarratu eta gero, gizarte-gastua nabarmenki areagotzea eta gizarte-eskubide gehiago aitortu eta estaldura eskaintzea ezinbestekoa dela, gehitu du.
Ogetako ekitaldiaren ostean manifestazio batek Mendizorrotza eta Arabako Foru Aldundiko egoitza lotu ditu. Manifestazioan Ariznavarra zahar-egoitzako grebalariek hartu duteparte. Langileek bederatzi hilabete daramatzen greban, eta ekitaldian ELAk bere babesa adierazi nahi izan die, beste behin.