Euskararen exijentzia gaztelaniarekin parekatzea ezinbestekoa da
EAJ eta EH-Bildu Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa negoziatzen ari dira. Bi aukera daude: euskaldunon hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen dituen egungo lege markoa mantentzea ala herritar eta langile guztien hizkuntz eskubideak errespetatuko dituen lege berri bat lortzea.
EAJren lege proposamenaren oinarriak onartuko balira, aurrerantzean ere soilik gaztelania izango da exijentzia orokortuko hizkuntza administrazioetan. Ondorioz, euskara soilik salbuespenez izango da lan-hizkuntza eta zerbitzua euskaraz jaso nahi duten herritarrek hainbat traba gainditu beharko dituzte beren hautua errespetatua izan dadin. Hau da, EAJren proposamena oinarri hartuta beste behin euskaldunon hizkuntz eskubideak urratzen jarraitzea legez ontzat emango litzateke.
Are, euskararen exijentzia ez bada orokortuko, ez da beharrezkoa lege aldaketa egungo epai euskarafoboei aurre egiteko. Izan ere, 1989ko dekretuak administrazioei aukera ematen zien autonomiaz euskararen exijentzia orokortzeko eta 1997ra arte indarrean izan zen inongo arazo juridikorik gabe. Eusko Jaurlaritzak egun indarrean dagoen dekretua orduan bezala idaztearekin nahikoa litzateke.
ELAren iritziz ezin zaio uko egin euskaldunon hizkuntz eskubideak parekatzeari eta, horregatik, alderdi politikoei galdegiten die hori izan dadila Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko ezinbesteko baldintza. Era berean, Enplegu Publikoaren Legean euskararik ez dakiten langile publikoak euskalduntzeko baliabideak eta epeak jaso daitezela eskatzen du sindikatuak. Hizkuntz eskubideak eta lan eskubideak ez baitira kontrajarriak, are gehiago, euskaraz lan egin ahal izatea ere lan eskubidea da.
Alderdi politiko, sindikatu eta epaile euskarafoboek administrazioen euskalduntzeari muga ezarri nahi izan diete. Datozen urteetan administrazioetan izango diren erretiroak aukera paregabea dira erabaki traumatikorik hartu beharrik gabe administrazioak erabat euskalduntzeko. Eragile euskarafoboei ezin zaie men egin eta gaztelaniaren nagusitasun inposatua ezin da normalizatu. Egun euskalduntzeari uko eginez gero hurrengo hamarkadetan euskaldunon hizkuntz eskubidak urratuko dira berriro ere. Horregatik, ELAk erabaki ausartak eskatzen dizkie alderdi politikoei eta administrazioetan bi hizkuntza ofizialen parekatzea behingoz onar dadila.