0-3 urte bitarteko haurren hezkuntza arautzen duen Eusko Jaurlaritzako dekretuaren balorazioa

2002/05/20
0 eta 3 urte bitartekoen Haur Hezkuntza arautzeko Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen Dekretua dela-eta honakoa azaldu nahi du ELAk: 1. Prozedurari dagokionez: eduki sozialeko horren gai delikatua arautzeak kontsulta eta eztabaida zabala eskatzen du horretan parte duten alde eta eragile guztiekin, ahalik eta adostasun handiena lortzearren. Ez da horrela egin Dekretu honi dagokionez. Izan ere, hasierako zirriborroak aztertzeko Batzorde Teknikoa eratu zen, baina otsailaren 13az geroztik ez da bilera-deirik egin; beraz, ez da batzartu Batzordea Hezkuntza Sailak aurkeztutako azken zirriborroari alegaziorik jarri beharko ote litzaiokeen aztertzeko. ELAren ustez, hortaz, ez da egiazko negoziaziorik egin. 2. Dekretuaren edukiari dagokionez: Seme Alabak dituzten Familiei laguntzeko Erakundeen arteko Planaren barruan dago Dekretua, eta honakoa deritzogu horri: · 0-3 urte bitarteko ziklorako behar diren postu guztiak betetzeko premia sozialari ez dio erantzungo Gobernuak. Honako helburuak finkatu ditu Erakundeen Arteko Planak hemendik lau urterako: % 40 betetzea 5 hilabetetik 2 urterako zikloan (% 20 betetzen da gaur egun) eta % 100 2 urtetik 3rakoan (% 90 betetzen da egun). Horrez gain, kostuaren % 60 finkatzen du finantzagarritzat 2 urtera arteko zikloan, bai sare publikoan bai pribatuan; 2 urtetik 3ra artekoan, berriz, % 100eko finantzazioa finkatzen du sare publikoan eta % 60 pribatuan. · Hona zer eskatzen duen ELAk: premia guztiak asetzea 3 urtera arte; horrekin batera, 3 urtetik aurrerako hezkuntza-sisteman erabiltzen diren mekanismo berberen arabera egitea finantzazioa. · Halaber, haur-hezkuntzaren eskola-mapa egin beharra dagoela deritzo ELAk. Gaur egungo egoera islatu behar du mapa horrek, orain arte ziklo horretako eskariari erantzun dioten haur-eskolak bere baitara bilduz. Sare publikoan 0-3 urte bitarteko haurren eskolaratze-eskaria asetzeko behar adina gela izango direla hitzeman eta bermatu behar du Gobernuak. · Esparru orokorra finkatzen du Dekretuak, sare publikoan nahiz pribatuan garatzeko zabalik legokeena, printzipioz. Alabaina, 0-3 urte bitartekoentzako ikasgela publikoen kopurua handitzeko inongo konpromisorik ez du hitzartu Gobernuak. Alderantziz: azkenaldi honetako datuak ikusirik, badirudi arazo bihurtu zaizkiola Gobernuari 2-3 urte bitartekoentzako ikasgela publikoak (azken lekualdatze-lehiaketan ez du plazaratu 2 urtekoentzako geletako postu huts bakar bat ere, eta lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren negoziazioan ez dira ageri adin horretako ikasgelei dagozkien ratioak). · Horrenbestez, benetako garapena honela egingo da: sare pribatuan 0 urtetik 3ra bitarteko ikasgelak ugalduz. Gainera, ‘bezeroak’ erakartzeko amutzat erabiliko dira ikasgela horiek, sare publikoaren kaltetan betiere. · Aurreko zirriborroekin alderatuta, atzerapauso nabarmena izan da orain onartutako Dekretua gai nagusiei dagokienez. Eta aise antzeman litezke horren guztiaren azpian sare pribatuko patronalaren presioak. Sareen artean desoreka izugarria sortzen du, beraz, Dekretuak, eta halaxe aitortzen dute Hezkuntza Saileko arduradunek ere. 3. Sare pribatuko haur-eskoletako lan-baldintzak salatzen ditu ELAk. Onartezinak dira sektore horretan langileei aplikatzen zaizkien lan-hitzarmenak (soldata barregarriak, lan-ordu asko, lan-malgutasuna...). Irakaskuntza pribatuaren alde egin du Administrazioak, merkeago zaiola-eta... baina langileen lan-baldintzen lepora. Irakaskuntzako gainerako langileenekin parekatu behar dira lan-baldintzak. Laburbilduz, gizartearen eskariei ez diela erantzuten Dekretuak eta 0-3 urte bitartekoentzako Haur Hezkuntzaren diseinu egokia ez duela egiten salatzen du ELAk.