10.000 euro gehiago soldatetan urtean
ELAk irabazitako epai bati esker, Ares Capitalen eta Moove Carsen (Bizkaian UBERri zerbitzua ematen dioten enpresak) lan egiten duten pertsonei Bidaiarien Garraioen Hitzarmena aplikatuko zaie. Horrela, lehen begiratuan, badirudi ELAk urtez urte lortzen dituen garaipen sindikal ugarietako bati buruz ari garela, horietako asko auzitegietan. Hala ere, hiru arrazoi nagusirengatik nabarmentzea merezi duen garaipena da.
Lehenengoa UBERi buruz ari garela izango litzateke, milioika euroko irabaziak dituen, eta plataforma horri zerbitzua ematen diotenak esplotatzeko inolako eragozpenik ez duen multinazionala. Bigarrena, ia bi urtez, horietako ia bat greban, lan-gatazka bati bizirik eusteko gai izan den plantillaren kemena izango litzateke. Eta, hirugarrena, hemendik aurrera langile horientzat Bidaiarien Garraioaren Hitzarmena aplikatzeak ekarriko duen hobekuntza izugarria.
Sergio Vadillo ELA-Zerbitzuak-eko arduraduna da, eta gatazka hasiera-hasieratik jarraitu duen pertsonetako bat. “Ares Capitalen eta Moove Carsen lan egiten dutenei enpresaren zerbitzura dagoen SLT sindikatuarekin, Garraioaren Sindikatu Librearekin, sinatutako enpresa-hitzarmena aplikatzen zitzaien. Soldatak LGSaren ingurukoak ziren, eta lanaldiak amaigabeak, bidaiariak zeramatzaten denbora bakarrik zenbatzen zelako lan-denboratzat. Hau da, egun batzuetan agian hamabi ordu arte ematen zituzten lanean, baina bospasei bakarrik zenbatzen zitzaizkien. Gainera, ibilgailuak aparkatzeko berezko geltokirik ez zutenez, beti martxan egon behar zuten, bidaiaririk eraman ez arren”.
“Hauteskunde berriak egin ziren –jarraitu du–, eta ELA izan zen irabazlea. Hitzarmena berritzeko ordua iritsi zenean argi eta garbi esan genuen zegoena ez zela nahikoa, oso prekarioa zela. Argi uzten dugun lehenengo gauza da Ares Capital eta Moove Cars bidaiarien garraio enpresak direla eta langileen legez kanpoko lagapen bat dagoela, izan ere lana hornitzen duena, prezioa jartzen duena eta lan-baldintzak markatzen dituena, UBER da. Tira, Ares Capital eta Moove Cars pantaila-enpresa hutsak dira. Gainera, hasieratik argi utzi genuen, Mariano Rajoyren lan erreforman bertan behera geratu zenez hitzarmenen lehentasuna ezartzen zuen zatia, aplikatu beharreko hitzarmena Bidaiarien Garraioarena zela”.
Kulebroiak aurrera darrai
Ez da bide erraza izan. Ezta gutxiagorik ere. UBERek dena jarri du bere aldetik, modu leunean esateagatik, langileek lan-baldintza duinen defentsan egindako borroka saboteatzeko. Horren froga da ia bi urte iraun duen kulebroi honen zenbait kapitulu oraindik itxi gabe daudela.
“Plantilla greban zegoela hauteskunde partzialak egin ziren gehiengo sindikalak aldatzeko. Eskirolek eta Batzordearen gehiengoak aldatzeko kontratatutako pertsonek bakarrik bozkatzea zen helburua. Nola da posible greba testuinguru batean hauteskunde partzialak deitzea? Horrek esan nahi du plantilla handitu egin dela... haren zati handi bat greban egonda!”.
“Jakina, zalantzan jartzen dugu emaitza horien legezkotasuna. Grebarako eskubidearen urraketa nabarmena dagoela uste dugu, eta beraz, hauteskunde iruzurtien aurrean gaudela. Horregatik judizializatu dugu gaia. Auzitegiek berriro arrazoia ematea espero dut”.
Bien bitartean, Sergio Vadillok sindikatuaren lana eta langileen lan-baldintzen aldeko borroka goraipatu ditu. “Garraioen Hitzarmen Kolektiboa aplikatzeak urtean 10.000 euro gehiago dakartza soldatetan, gehi gaur egun kobratzen dutena baino plus gehiago eta 1.720 orduko lanaldia”.
“Enpresei epaia aplika dezatela exijitzen diegu, ez bakarrik auzitegietan demandak jarri dituzten pertsonei (70 inguru), bi enpresetako plantilla osoei baizik, eta hemendik aurrera haien baldintzak aipatutako hitzarmen probintzialaren bidez arautu daitezela. Borroka hau ez da erraza izan, baina merezi izan du. Erabat”.