Pasaiako Etxez-Etxeko Zerbitzua
10. greba eguna dute hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

Aurreko astelehenean egindako negoziazio bileran, enpresak ez zuen urratsak egiteko inongo borondaterik erakutsi. Matia-Goxara enpresak bere etekinetara bideratu nahi ditu Udalak hitzarmena hobetzeko agindu dituen baliabide ekonomikoak.
Etxez etxeko zerbitzuko langileak oso egoera prekarioan daude lanean. Eta zerbitzu publikoa izan behar lukeen zerbitzu hori azpikontratatuta egotearen ondorioak pairatzen dituzte. Langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea lehenetsi beharrean, zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatuen eskuetan geratzen denean, diru publikoarekin etekinak handitzea dute helburu.
Etxez etxeko zerbitzua ezinbestekoa da Pasaiako herritarrontzat eta langileek egiten duten lanaren aitortza ere ezinbestekoa. Dagozkien lan baldintza duinak eta hitzarmena eskatzen dute soilik, lan osasuna eskubidea dela oroitaraziz.
Horregatik, enpresari jarrera aldatu eta Udalari egoera konpon dezala eskatzen jarraitzen dute.
Gaur, manifestazioa egin dute langileek Pasaiako kaleetan, goizeko 11:00etan Trintxerpen hasita. Egoera konpondu ezean, hilabete osoan greban jarraituko dute.