10 kontratutik 8 aldi baterakoak izan ziren abenduan

2023/01/03
Kontratazioaren bilakaerak eta lan prekarietateak langile klasea pobretzearen aurka antolatu eta mobilizatu beharreko egoeran jartzen dute. Azaroan langabeziak behera egin ondoren, abenduan 205 enplegu gabe gehiago izan dira, beraz, 142.408 pertsona izan dira langabezian. Datu negatiboak dira, abendua hilabete ona izaten baita enpleguarentzat. EAEn 88 enplegu gabe gehiago izan dira; Nafarroan, 117 gehiago. Hala, desenplegu-tasa % 10,4koa da, Europar Batasunean baino lau puntu eta erdi handiagoa, urrian % 6koa izan baitzen (azken datua).

Datu positiboa emakumeena da, laugarren hilabetez jarraian murriztu baita desenplegua, oraingoan 867 enplegu gabe gutxiago daude emkakumeen artean. Hala ere, desenpleguak neurri handiagoan eragiten die emakumeei. Egoera horretan dauden emakumeen proportzioa askoz handiagoa da oraindik; zehazki, gizonak baino 21.264 emakume gehiago daude enplegu gabe.

Kontratazioari buruzko datuei dagokienez, Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen % 79 aldi baterakoak izan dira, hau da, abenduan sinatutako hamar kontratutik zortzi aldi baterakoak izan dira. Ildo horretan, adierazi beharreko beste kontu bat da, EAE mailan, kontratuen % 11 bakarrik izan zirela lanaldi osoko mugagabeak.

Ziurgabetasunaren eta krisiaren aurrean, ezinbestekoa da antolatzea eta mobilizatzea lan-prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan-baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko. Horregatik, ELAk neurri irmoak eskatzen ditu gaitz horrekin amaitzeko: prekarietatearen aurkako neurriak ezartzea, soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzea, finkatzea eta KPIren araberako igoerak.