bizkaiko Etxez etxeko laguntza zerbitzua
100 langilek baino gehiagok Ortuella, Leioa, Galdakao, Zornotza, Txorierri eta Busturiako zerbitzuak publiko egiteko eskatu dute

Datorren azaroaren 30eko greba feministaren atarian, Ortuella, Leioa, Galdakao, Zornotzako udaletako eta Txorierriko eta Busturiako mankomunitateetako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko 133 langileek mobilizazio dinamika bati ekitea erabaki dute zerbitzua publikatu eta osorik erakundeen esku gera dadin, hirugarren batek ez dezan zerbitzuarekin negoziorik egin.
Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren % 90 pribatizatuta dago. Beraz, Urgatzi, Lagunduz, SACYR... bezalako enpresak negozioa egiten ari dira, erakundeek publikoa izan beharko lukeen zerbitzu bat pribatizatzeko erabakia hartu dutelako, eta ondorioz, lan baldintzak eta asistentziaren kalitatea prekarizatu dituzte.
Bizkaiko ELZko langileek urteak daramatzate lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko borrokan. Baina enpresek, erakundeen konplizitatearekin (EUDEL, udalak eta BFA), hobekuntza hori eragozten dute. Horren adibide dira hitzarmen sektoriala lortzeko Bizkaian egindako 63 greba egunak. Greba hori UGTk eta CCOOk sinatutako hitzarmen ulergaitzarekin amaitu zen. Hitzarmen horrek enpresen interesen alde egiten du, eta erosteko ahalmenaren % 17,62ko galera dakar. Gainera, ez du jasotzen inolako neurririk lan osasunean, arrisku psikosozialetan, zerbitzu denboretan edo mugikortasunean.
ELAko langileek hitzarmena salatu zuten, eta mobilizazioak egin arren, ikusi dute enpresa guztiek modu koordinatuan zerbitzua hobetzeko aukera guztiak blokeatu dituztela.
Blokeo horren aurrean, zerbitzuen munizipalizazioaren alde borrokatzea erabaki dute, kudeaketa % 100 publikoa lortzeko ('onurak' zerbitzuetan eta lan baldintzetan inbertituko dira), zerbitzu bakoitzeko gutxienez ordubete berma dadin (gaur egun baino bi aldiz gehiago), zerbitzu horiek taldeka daitezen (gehiegizko joan-etorriak saihesteko eta arreta handiagoa behar duten pertsonei arta hobetzeko, eta soldata hobekuntzak lortzeko.
Esate baterako, ELZren kudeaketa publikoa da Erandion, Gatikan edo Marurin, non 2.000 €-tik gorako soldatak dituzten, eta zerbitzuak ordu eta erdikoak eta laguntzarekin diren.
ELAren borrokaren lehen urratsa izango da zazpi erakunde horiei eskatzea berehala has daitezela zerbitzua udalekotzeko kudeaketekin, langileen subrogazioa eta lan baldintzen eta laguntza zerbitzuaren hobekuntzak bermatuta.
Hurrengo mobilizazioa azaroaren 17an izango da, Ortuellako ELZn, eta bertan Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuen 'osasun bizkortzea' antzeztuko dute. Azaroaren 30eko greba orokor feministara aktiboki atxikitzeko ere balioko du ekitaldiak, langile horien arazoak eta aldarriak bete-betean baitatoz grebarekin.