Lozy‘s Pharmaceuticals (Lekaroz, Baztan)
112 greba egunen ostean, garaipena

KPItik gorako soldata igoerak, 24 orduko lanaldi murrizketa, antzinatasunaren eta aldi baterako ezintasunaren osagarriaren hobekuntzak, inaplikazio klausula... Besteak beste, hori guztia jasotzen du ekainaren 12an ELAk Lozy’s Pharmaceuticals enpresan (Lekaroz, Baztan) adostu zuen lehen enpresa hitzarmenak. Bidea, dena den, ez da erraza izan. Borroka luzea izan da, –112 greba egun–, baina langileen indarrari eta elkartasunari esker akordioa posible izan da.
2023ko udaberrian egin ziren lehen aldiz hauteskunde sindikalak enpresan, eta ELAk aukeratzen ziren bost ordezkariak lortu zituen. (80 langilek dihardute Lekarozeko lantokian). Langileek argi zuten zein zen enpresa batzordearen lehen eginbeharra: enpresa hitzarmen bat negoziatzea. Langile hauei Kimiken Estatuko hitzarmena ezartzen zitzaien. Aldizkari honetan sarri askotan jaso izan den bezala, langileak miseriara kondenatzen ditu estatu mailako hitzarmen honek.
Akordio batera iristea ezinezkoa zenez, 2024ko otsailaren 20an langileek grebara joatea erabaki zuten. Deialdiak erabateko jarraipena izan zuen; horren ondorioz langileek produkzioa erabat geratzea lortu zuten. Enpresaren jarrera ikusirik –asteak behar izan zituen jarrera aldatu aurretik– langileek mobilizazioak areagotzea erabaki zuten: manifestazioak Elizondon eta Iruñean, kontzentrazioak Geiser Pharma eta Qube Pharmaren aurrean –Lozy’s-en bezero nagusiak–, agerraldiak Nafarroako Parlamentuan –Nafarroako Gobernuak interlokuzioari eutsi dio grebak iraun duen bitartean–...
Langileen elkartasuna eta indarra ezinbestekoak izan dira gatazkaren konponbidean. Izan ere, enpresak ez ditu gauzak erraz jarri. Negoziazio betean, enpresak itxierarekin mehatxatu zuen, Gainera, ELAk Lan Ikuskaritzara jo behar izan zuen, Sindikatuaren salaketak aztertu ostean Lan Ikuskaritzak enpresak grebarako eskubidea urratu zuela ziurtatu zuen. Ez da ez borroka erraza izan, baina, zalantzarik gabe, merezi izan du. Hemendik aurrera Lozy’s Pharmaceuticals-eko langileek badute lehen enpresa hitzarmena.