GUTXIENEKO SOLDATA PROPIOA

138.495 sinadura jaso ditu Herri Ekimen Legegileak

2025/08/21
ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek gutxieneko soldataren aldeko herri-ekimen legegilerako sinadurak erregistratu dituzte gaur Legebiltzarrean.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek 130.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte hiru hilabete eskasetan, erabateko arrakasta dena, eta gaur erregistratu dute Legebiltzarrean herri-ekimen legegilea, irailean bertan eztabaida abia dadin.

Sinadura bilketa uztailaren 30ean amaitutzat eman zuten sindikatuek, hau da, aurreikusitakoa baino hiru hilabete arinago. Sinadura kopuruaren helburua beteta, lege-proposamenaren izapideak azkartzea lortu da horrela.

Sinadura bilketak erakutsi du Hego Euskal Herriko langileek apustu egiten dutela gutxieneko soldata propio baten alde. ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek sinadura bilketa martxan jarri zutenean asmo argia erakutsi zuten: kohesio sozialerako eta pobreziari aurre egiteko tresna den gutxieneko soldataren gainean arautzeko eskubidea ezinbestekoa da. Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoa Espainiakoarengandik oso bestelakoa da, eta Espainiako gutxieneko soldatak ez du balio Euskal Herriko langileak pobreziatik ateratzeko, lanaldi osoko lanak izanda ere. Langileek mezu hori ulertu dute, eta jasotako sinadurak atxikipen horren seinale dira.

Eusko Legebiltzarrean erregistroa egin ondoren, sindikatuek alderdi politiko guztiei galdegin diete gutxieneko soldataren lege-proposamena ahal bezain pronto izapidetu dezaten, eta aldeko botoen bidez Espainiako Kongresuari adieraz diezaiotela euskal gizarteak 138.495 sinadurekin erakutsi duena: gutxieneko soldata propioa izateko borondate irmoa dagoela.

Era berean, langileen sinadurek erakutsi dute CONFEBASK ez dela gai enpresetako langileen nahiak asetzeko, eta gizartean euren pribilejioen defentsa egiten duten enpresariak bakarrik ordezkatzen dituela, baita bere eredu ekonomikoa langileen esplotazioan oinarritzen dela ere. 138.495 sinadura hauek balio behar lukete CONFEBASKek jarrera demokratikoago bat izan dezan eta negoziazioari bide eman diezaion.

Sinadura bilketa Eusko Legebiltzarrean erregistratu ondoren mobilizazio fase bati amaiera eman diete sindikatuek, eta udazkenean beste fase bati ekingo diote, langileen beste indar erakustaldien bidez sinadurek erakutsi duten atxikipena instituzio guztietan errespeta dadin.