143 enplegu azpikontratuz Euskaltel desegiteko prozesua areagotzen da

2014/11/18
Euskaltelek erabaki du bere 143 enplegatu egotzi eta enpresa txinatar baten esku jartzea. Esternalizazio prozesu honek etorkizunean halabeharrez lan-eskubideen galera ekarriko du.

Harrigarria da Euskaltel desegiteko prozesua iritzi publikoari albiste bikain gisa saldu nahi zaiola. Zinismoa muturrera eramanda, analista ekonomiko batek idatzi du Euskaltelen erabakia erabiltzaileen onerako izango dela. Baina azken urteetan energia zein telekomunikazioen sektoreetan izan diren pribatizazio prozesuek erakutsi digute enpresen arteko lehia murriztu egin dela, eta zerbitzua garestitzeaz gainera, okerrera ere egin duela. Kontutan izan behar da pribatizatu zen Telefónica dela erabiltzaile-elkarteek gehien salatzen duten enpresetako bat.

ELA oso kritikoa da Euskaltelek hartutako bidearekin. Arlo publikoak sortu eta bultzatutako proiektu industrial hau, une ekonomiko ezin hobean zelarik (2009-2012 epealdian 230 milioi irabazi ditu), kapital espekulatiboaren esku utzi dute: Holandan egoitza duten bi inbertsio-funtsen esku, alegia.

Arlo publikoa defenditzeko garaia dugu, ez desegitekoa. ELAren iritziz hartzen ari diren erabakiek -Euskal Kutxen pribatizazioa, sustapen publikoaren ondorioz sortutako enpresen eraispena eta Jaurlaritza enpresa estrategikoetan gauzatzen ari den desinbertsioa- gero eta dependentzia eta prekarietate larriagoko etorkizun batera eramaten gaituzte.