150etik gora enpresa-komitek bat egin dute Laminaciones Arreguiko ELA, LAB eta ESKk deitutako manifestazioarekin

2015/04/23
150etik gora enpresa-komitek bat egin dute Laminaciones Arreguiko ELA, LAB eta ESKk deitutako manifestazioarekin
Gatazkak hiru urtetik gora irauten du honez gero; zuzendaritzak ez dio amore ematen lanpostuak defenditzen ari garen langileon aurkako gurutzadari. Guztiok dakizuenez, kalean eta auzitegietan ari gara borrokatzen harik eta berreskuratu arte epai judizial baten bidez bidegabeki kendu zigutena, gure enplegua.

ELA, LAB eta ESKren Agiria

Laminaciones Arreguiko enpresa-komitean gehiengoa osatzen dugun ELA, LAB eta ESKko sail sindikalok joan den ostiraletik gure egoera salatzeko itxialdia egiten ari garen tokian agertu gara komunikabideen aurrera.

Gatazkak hiru urtetik gora irauten du honez gero; zuzendaritzak ez dio amore ematen lanpostuak defenditzen ari garen langileon aurkako gurutzadari. Guztiok dakizuenez, kalean eta auzitegietan ari gara borrokatzen harik eta berreskuratu arte epai judizial baten bidez bidegabeki kendu zigutena, gure enplegua.

Orain zuzendaritzak ez du Auzitegi Gorenaren eta Gasteizko auzitegien epaia onartzen; langileak berronartu ordez kontratuak amaitzeko beste espediente bati ekin dio, gure lanpostuak mantentzeko esperantza oro deuseztatzeko.

Abusu hau dela eta publikoki exijitzen dugu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Industria saila busti daitezela gatazka hau konpontzeko ahaleginean. Epaiak beteko direla eta gure lanerako eskubidea bermatzea nahi dugu, zeinak auzitegietan aitortu baitizkigute; ezkutatu ordez plantilla guztiarentzako industri-proiektu bat ziurta dezatela nahi dugu.

Egungo EEEaren eskumena zuzenean Eusko Jaurlaritzari dagokio; espero dugu, berari galdegiten diogu, bere esku dituen bitarteko guztiak balia ditzala enpresa derrigortzeko irtenbide negoziatu bat hautatzera; Hego Euskal Herriko historian izan den gatazkarik luzeena dugu hau. Administrazioak dituen bitartekoen artean, Lan Ikuskaritzak 84 langile kaleratzeko EEEari buruzko txostena eman beharko du. Horregatik Angel Toña sailburuari eskatzen diogu behingoz gauza dezala komunikabideetan ematen duen mezua: gure herriko enpleguaren defentsa. Espediente hau dela eta urrezko aukera bat dauka bere hitzak hutsalak ez direla egintza konkretuekin frogatzeko.

Horregatik, atzo bertan bilera bana eskatu genien Angel Toña eta Arantza Tapia sailburuei, baita Lan Ikuskaritzari ere.

Egoera hau ikusirik, ELA, LAB eta ESKko sail sindikalok gure gatazka ezagutarazteko hainbat ekintza antolatu dugu. Pasa den ostiraletik lantegian itxialdi bat egiten ari gara, bizi dugun egoera salatzeko. Itxialdia bihar, ostirala, hilak 24, amaituko da, hemendik 18etan abiatuko den martxa batekin. Hau Arratseko zazpietan Bilbao plazaraino joango da, eta hor, berriz, manifestazio bat hasiko da.

Bestalde, gure esker ona adierazi nahi dugu eta duen garrantzia nabarmendu, manifestaziorako 150etik gora enpresa-komiteren babesa jaso dugulako (atxiki diren enpresa nagusien zerrenda doa honekin batera); Laminaciones Arreguiko langileekiko babesa eta elkartasuna adierazi dute enpresa horietako langileek, baita Jaurlaritzaren berehalako inplikazioa eskatu ere.

Azkenik, gasteiztarrei ere eskertu nahi diegu egunez egun agertzen duten elkartasunagatik; halaber, gure auzokideei dei egiten diegu bihar, apirilak 24, 19etan Bilbao Plazatik hasiko den manifestazioan parte har dezaten.