16.600 enplegu suntsitu dira azken urtean
Gaur argitaratu da INEk egiten duen Biztanleria Aktiboaren Inkesta 2015eko lehen hiruhilekoko datuekin. Hauek dira ondorio nagusiak:
-
Langabezian 219.100 pertsona daude (duela hiru hilabete baino 1.400 gutxiago eta duela urte bete baino 13.600 gutxiago). Langabezia tasa % 16,3koa da, Europako laugarren altuena Grezia (% 26,3), Espainiar Estatua (% 23,8) eta Kroaziaren (% 18,5) ondotik.
-
Enplegu partzialek % 18,4 egin dute gora azken urtean (33.800 gehiago dira), 218.300 izateraino, eta lanaldi osoko enpleguak, berriz, 17.100 gutxiago dira. Gainera behin-behinekotasun tasa % 22koa da (duela urte bat baino 1,3 puntu altuagoa).
Datu hauek Hego Euskal Herriko egoera larriaren erakusle dira, non langabezia izugarria den eta enplegu partzialen igoera jasangaitza izatera iristen ari den.
Egoera honen aurrean onartezina da enpleguaren errekuperazioaz hitz egitea. Langabetu kopurua jaisteak ez du enplegua sortu denik suposatzen. Izan ere azken urtean lana zuen jende kopurua 16.600 pertsonatan jaitsi da, hau da, 16.600 enplegu suntsitu dira. Langabetu kopurua jaistea biztanleria aktiboa azken hiruhilekoan 11.700 pertsonatan jaitsi izanarekin lotuta dago.
Begi bistakoa da ezartzen ari diren politikak langabeziaren arazoa ez dutela konpontzen eta, gainera, prekarietatea handitzen dutela. ELAk enpleguaren inguruan orain arte onartutako aldaketak eta hartutako erabaki guztiak helburu horrekin egin direla askotan salatu du.